Teloia berriz ere altxatu da Donostian. Gipuzkoako hiriburuko antzokiak ateak irekitzen lehenak izango dira, osasun larrialdiak eragindako geldialdiaren ondoren. Ekainean zehar, hiru kontzertu, hiru antzezlan eta sei filmen proiekzioak hartuko dituzte. Horrez gain, osasun arloko langileen omenezko gala egingo dute hilaren 10ean (asteazkena) Victoria Eugenia Antzokian. Hori guztia, ‘Kultura osasunez gozatu!’ leloarekin. Emanaldi guztietan, erdira murriztuko dute aretoetako edukiera eta neurri zorrotzak aplikatuko dituzte konpainien, langileen eta ikusleen segurtasuna bermatzeko. Hala ere, ‘esperientzia atsegina’ eskaintzea espero dute Donostia Kulturako arduradunek, egitarauaren aurkezpenean Kultura zinegotzi Jon Insaustik adierazi zuenez.
Bertako sortzaileak
Lehen emanaldia Zea Mays taldearen kontzertua izango da (hilak 12, Victoria Eugenia). Ondoren etorriko dira Egoitz Lasa eta Ramon Agirreren ‘Gu primer!, ‘Harri orri ar’ eta ‘Palabras encadenadas’ antzezlanak. Zinemari dagokionez, Bang Bang Zinema eta Nosferatu zikloek lekua izango dute programazio berrian. McEnroe eta Lou Topet taldeen kontzertuek osatuko dute Musikaren atala. Bertako sorkuntzari laguntzea eta aurrez programatuta zeuden ikuskizun batzuk berreskuratzea du helburu programazio berriak.
Ikuskizun guztietan, eserlekuen erdiak jarriko dituzte salgai (391 Victoria Eugenian eta 260 Principal Antzokian), ehuneko 10eko deskontuarekin. Besaulkietara iristeko eta emanaldia bukatutakoan irteteko informazio zehatza jasoko dute ikusleek. Horrez gain, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.