Irailaren 22tik 26ra bitartean Getxoko Muxikebarri zentroan izango den Nazioarteko 37. Folk Jaialdiaren proposamen musikalak hiru ildo tematiko nagusi izango ditu oinarri: familia-transmisioaren balioa tradiziozko musikan, emakumearen garrantzia musika mota horretan eta Astor Piazzolla tangoaren musikagile eta artistaren jaiotzaren mendeurrenaren oroitzapena. Guztira, zortzi emanaldi izango dira Getxon, horien artean nabarmendu behar dira Carlos Nuñez, Amparanoia, Judith Mateo eta Roberto eta Miren Etxebarria artista eta taldeen kontzertuak, Fabian Carbone bandoneonistak bultzatutako «Cyclical Tango» ikuskizuna ahaztu gabe. Sarrerak abuztuaren 2an jarriko dira salgai Kutxabanken sarean, Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean.
Kontzertu nagusiak 19:00etan izango dira, eta irailaren 22an, asteazkenean, abiatuko da jaialdia, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alabak osatutako trikitilari bikotearen eskutik. Antzinako koplak oinarri dituen «Hamaikatxu kopla, pandero baten konture!» beren azken lana aurkeztuko dute oraingoan. Emanaldi hau musika tradizionalaren arloan familia transmisioa nabarmentzeko ildo tematikoaren barruan kokatzen da.
Ildo horrekin bat dator Carlos Núñez (irailak 25) gaita jotzaile ezagunaren saioa. Artista galiziarrak, folk zeltaren erakusle ospetsuak, «A irmandade das estrelas» debuteko diskoaren 25. Urteurrena ospatuko du Getxon eta bere kantarik ezagunenak joko ditu. Horretarako, besteak beste, tresna anitz jotzen dituen bere anaia Xurxo Nuñez eta Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpek osatutako trikitixa bikotea izango ditu lagun agertokian.
Bestalde, emakumeen rola folkaren munduan bi saioren bitartez erakutsiko da. Hilaren 23an, Judith Mateo folk-rock biolin-jotzaileak, genero horretako instrumentista onenetakotzat jotzen dutenak, bere zazpigarren albumeko abestiak aurkeztuko ditu, «Alma de un violín». Hurrengo egunean, irailak 24, Amparo Sanchez abeslaria buru duen Amparanoia fusio talde enblematikoa «Himnopsis colectiva» lan berria gerturatuko diote publikoari. Horretan eragin anitzeko musika proposatzen dute, cunbian hasita eta tartean beste doinu askok uztartuta, adibidez hiri erritmoak, rock hipnotikoa, reggaea, western musika…
"Cyclical Tango" ikuskizunak itxiko du saio nagusien eskaintza. Fabian Carbone bandoneonistak bultzatutako proiektua honen bitartez omenaldia egingo diote Astor Piazzolla tango konpositore eta musikari handia bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Kontzerturako Carbonek konpositore argentinar ospetsuaren pieza esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditu eta horiek interpretatzeko eskarmentu handiko artisten laguntza izango du: Laurentiu Grigorescu (biolina), Rocio Teran (pianoa) eta Mariel Martinez (ahotsa).
Beste saio batzuk
Getxo Folk jaialdiaren programazioak, halaber, doako bi emanaldi eskainiko ditu. Saio biak irailaren 25ean, larunbata, izango dira, Titiriteros de Binéfar (12:30) eta Trakamatraka (17:00) taldeen eskutik, hurrenez hurren. Lehenengoan, abesti herrikoiak formatu handiko txotxongiloekin eta beste elementu plastiko batzuekin uztartzen dira. Bigarrenean, Trakamatrakak 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia proposatzen die. Horretan, birziklatutako materialez egindako instrumentuekin interpretatutako musika da erabateko protagonista. Bi kontzertu horietara joateko gonbidapenak abuztuaren 2tik aurrera jaso ahal izango dira Romo Kultur Etxean eta Muxikebarrin.
Aurtengo proposamena Bitartean taldearen goizeko ikuskizunarekin borobilduko da (irailak 26, 12:30). Oraingoan, euskal eta argentinar doinuak uztartzen dituen banda hernaniarrak bere lanik ezagunenetako batzuen abestiak eta moldaketak interpretatuko dituzte, baita «Kreole» bere azken diskoko abestiak ere.