Irailaren 11tik 15era bitartean Getxo Folkek 40 urteko ibilbidea beteko du aurten, eta lau hamarkada horietan erreferentzia bihurtu da sustraiko soinuen, munduko musiken eta fusioaren esparruan. Ibilbide hori ospatzeko, nazioarteko artistak bilduko dira, hala nola Buika abeslaria, baita estatuko folkaren izen nabarmenak ere, eskarmentu handiko Milladoiro galiziar talde beteranoa kasu. Halaber, aurten primiziako ikuskizun bat izango da eta, horretan, euskal artista eta talde ezberdinek jaialdia omenduko duten bere urteurrenean.
Guztira, 13 izango dira Getxo Folk jaialdiak hartuko dituen emanaldiak, eta, iaz bezala, hiru kokapenetan izango dira agertokiak. Hala, Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera izango da, estilo eta jatorri askotako talde eta artistek bat egingo dutelarik. Azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia ostiralean eta larunbatean (22:00).
Ordainezko emanaldiak
Abonu-kontzertuetako hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma de Mallorca) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da. ‘Askatasunaren ahotsa' edo 'Musikaren perla betlza' bezala ezaguna, Buika artista polifazetikoa da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dute bere ahots hunkigarriagatik, bere musika estilo atipikoagatik eta bere letren hausnarketa inspiratzaileengatik. Grammy latino bat irabazi du, besteak beste Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas bezalako artistekin kolaboratu duela, eta azken urteotan ospe handia lortu du 'Operación Triunfo' talentu-saioaren epaimahaikide izateagatik.
Jaialdia hilaren 12an irekiko du Milladoirok, Santiago de Compostelan sortutako talde sarituak, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik Galiziako tradizioaren soinuak mundu osoan zehar eraman dituenak. Getxora 45. urteurreneko biran barrena datoz, seikotea osatuz, publikoari bere arrakasta handiak biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko. Eta hilaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, okasiorako prestatutako ‘Getxo Folk 40’ izeneko ikuskizuna izango da. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu dio urteurrenerako euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat osatzeko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira, besteak beste, azken lau hamarkadetako euskal musikaren bilakaera islatzeko.
Esne Beltza Ereagan
Irailaren 14an, larunbatean, Esne Beltza talde hernaniarra arituko da Ereagako hondartzan. Banda gipuzkoarrak propioa garatu du bere ibilbidean zehar, doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea eratzen, esaterako rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoaz baliatuta. ‘Esne bidea’ azken diskoa besapean dutela iritsiko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, ‘Agur deneri’ izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero. Irailaren 13ko Ereagako kontzertua Estatuko sona handiko musikari batek eskainiko du.
Ines Bermejo artista getxotarraren kartela
Aurtengo Getxoko jaialdi handi guztietako kartelak bertako artistek sortu dituzte. Folk jaialdiaren kasuan, Ines Bermejo (Getxo, 1986) izan da aurtengo kartelaren egilea. Bermejo Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Eszenikoetan eta Ikusizko Kulturan masterduna da. Arteari eta kulturari lotutako ekitaldi eta lehiaketen komisariotzan, zuzendaritzan, antolakuntzan eta produkzioan egiten du lan. Bere proposamenak aurtengo Folk jaialdiaren urteurren ospakizuna azpimarratu nahi du, jaialdiaren aniztasuna eta kulturartekotasuna agerian utziz.
Sarreren salmenta
Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmenta uztailaren 22an, astelehenean, hasiko da Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabanken sarearen bidez ere. Gainera, egun horretan bertan, antolakuntzak gainerako emanaldien berri emango du www.getxo-kultura.eus webgunearen eta Getxo Kultuko sare sozialen bidez.