Urriaren 1etik 3ra, bederatzigarren artearen munduak derrigorrezko hitzordua izango du Getxoko Komikiaren Azokan, eta eskaintza komertzial anitza eta ekintza ugari izango dira bertan. Iaz Azoka ez zen egin eta, horren ordez, komiki jardunaldiak antolatu ziren, osasun egoera zela eta, bain aurten bere ohiko kokapenera itzuliko da, Areetako Geltokia plazara, hain zuzen ere. Bertan, oraingoan karparik gabe, 40 saltoki egongo dira, besteak beste komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, argitaletxeak eta fanzineak bilduko dira. Halaber, Romo Kultur Etxean, Azokaren ekintzak izango dira:, hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, argitaletxeen aurkezpenak, erakusketa bat…
Aurtengo nobedade nagusia profesionalentzako tailer eta topaketak izango dira. Romo Kultur Etxeak hartuko ditu horiek urriaren 3an eta azokaren prentsaurrekoan Amaia Agirre Getxoko alkateak gaur azpimarratu duenez, "bertan, parte hartzen duten profesionalek euren ezagutzak partekatzeko eta zabaltzeko aukera izango dute". Halaber, nabarmendu du tailer horiek Getxo Ekinez planaren barruan daudela. Udalak bultzatutako ekimen horren bitartez pandemiaren ondorioei aurre egin nahi die. Agirreren hitzetan, horien bitartez “sormen sektoreari babesa ematen diogu eta gure artisten harrobiaren aldeko apustua egiten dugu".
Bestalde, Mayte Galardi azokaren arduradunak ekitaldiaren eskaintza komertzial zabala goraipatu du, eta saltokiei eta parte-hartzaileei eskerrak eman dizkie "azokarengan erakutsitako konfiantzagatik eta komikiaren alde egindako apustuagatik". Gainera, aurtengo ekitaldiaren eskaintza "zabala eta bizia" dela azpimarratu du.
Arlo artistikoari dagokionez, Getxok, ohi denez, egile ezagunak hartuko ditu, hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, sinaduren txandetan parte hartuko dutenak. Horien artean Borja Crespok, Azokako programaren koordinatzaileak, Kim artista katalana nabarmendu du. El Jueves aldizkari satirikoaren orrietan agertzen den Martinez el Facha pertsonaiagatik ezaguna da eta 2015ean Komiki Sari Nazionala irabazi zuen, Antonio Altarribarekin batera, “El arte de volar" elebarri grafikoari esker.
Kim azokaren omenaldia jasoko du aurten, Ernesto Murillo "Simonides"ekin. Azken hori euskal komikigintzaren erreferentea da, batez ere TMEO! Argitalpenean egindako lanagatik. Halaber, Azokan Santiago Sequeiros, aurtengo kartelaren egilea, eta Javier Olivares (2015eko Komikiaren Sari Nazionala, "Las Meninas" lanagatik) ere egongo dira. Gonbidatuen zerrenda Luis Bustos, Monica Lalanda, Alaro Martinez Bueno eta Elsa Ruizek osatuko dute.
Erakusketa
Azoka dela eta, Romo Kultur Etxeko erakusketa aretoan "Odol tinta: Banpiroari omenaldia" erakusketa izango da urriaren 1etik 24ra. Emakumezko 25 artisten lanak bilduko ditu erakusketak, horien artean, komikigintza eta ilustrazioaren munduko izen ezagunak eta etorkin handiko talentuak, esaterako, Raquel Alzate, Natacha Bustos, Mamen Moreu, Ana Oncina, Mireia Perez eta Sandra Uve.