Ostiralean, urriak 8, hasiko da Getxoko Arte Eszenikoen jardunaldien 39. edizioa, hilaren 24ra arte askotariko eskaintza hartuko dutena. Aurtengo egitarauan 12 antzerki, dantza eta magia ikuskizun bildu dira, horietatik 11 Muxikebarrin eskainiko direnak eta, gainerakoa, Romo Kultur Etxean. Ohikoa den bezala, Jardunaldiek euskal ekoizpenaren eta adin desberdinetarako programazioaren aldeko apustua egin dute aurten ere. Antzezkizunak 19:00etan izango dira, haur emanaldiak izan ezik, 17:00etan hasiko baitira, eta sarrerak Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan eros daitezke.
Zikloa hiru astetan zehar banatuko da eta horietako lehenengoa datorren ostiralean, hilak 8, hasiko da, Houdini magia ikuskizunaren eskutik. Horrek Sun Mago ospetsua du protagonista, Disney Channelen Club Houdini telesail ospetsuan egindako agerpenengatik ezaguna dena. Hurrengo egunean, larunbatean, Arriaga Produkzioak-ek Getxora hurbilduko du Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy protagonista dituen euskarazko lan, Maitasunaren itxiera, non bikote batek bere harremanaren amaierari buruzko bakarrizketa bortitzak elkar trukatzen dituen. Igandean, hilak 10, Metamorphosis Dance taldeak Al desnudo dantza ikuskizuna aurkeztuko du, bi dantzari inprobisazio lanean murgilduz. Antzezlana balio erantsiarekin dator Getxora, konpainia horretako kide den Iratxe Ansak orain dela bi egun ospatutako MAX sarietan Emakumezko Interpreterik Onenari emandako saria irabazi baitu, obra horretan eginiko lanarengatik.
Zikloaren bigarren etapa urriaren 11an hasiko da, Todos en nosotros lanarekin, Anton Chéjoven Kaoia obran oinarritutako muntaiarekin. Ikuskizunaren bitartez, Romo Kultur Etxean taularatuko dena, La Brecha antzerki taldeak gaztaroa omendu nahi izan du. Hilaren 12an, asteartean, Yo… en un banco verde antzeztuko da, Utopian bertoko konpainiaren lana, non, parke bateko bankuan bat egiten duten hiru pertsonaiaren bitartez, bizitzako etapa ezberdinei buruzko gogoeta egiten den. Hilaren 14an, ostegunean, Denis Santacana dantza konpainia Getxora iritsiko da Encuentros ikuskizunarekin, dantza garaikidea eta flamenkoa uztartzen dituena. Hurrengo egunean, ostiralean, Caliban Teatrok La extraña pareja eskainiko du, izen bereko muntaia ezagunaren berrikuspena, oraingoan emakumezko protagonistekin.
Larunbatean, hilak 16,Fritsch Companyren Sin par dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du publikoak. Konpainiak dibertsitate-pertsonen parte-hartze inklusiboaren aldeko apustua egiten du eta dantza harreman eta lotura pertsonalak aztertzeko tresna gisa erabiltzen du. Igandean, hilak 17 Glu-Gluren azken muntaia izango da, Perez Sagutxoa, pertsonaia ezagunaren abenturak umorez, dantzaz eta kantuz irudikatzen dituena.
Jardunaldien azken asteak lau muntaia hartuko ditu. Urriaren 22an, ostiralean, Asier Hormaza, Marta Juaniz eta Angel García Moreno aktoreek Mentiras cotidianas antzeztuko dute, bizimodu asegabeak eragin ditzakeen beldurrak eta frustrazioak lotsarik gabe jorratzen dituen komedia garratz garaikidea. Hurrengo egunean, larunbatean, Huts Teatroa-Artedramak Atzerrian lurra garratz aurkeztuko du. Ander Lipus eta Laura Penagos ditu protagonista, eta immigrazioa eta sorkuntza jorratzen ditu, besteak beste. Amaitzeko, igandean, hilak 24, Alpha haurrentzako muntaia izango da, ametsen unibertsoari bide ematen dion keinu eta clown lana.