railaren 22tik 26ra Getxoko Muxikebarri zentroan izang den 37. nazioarteko Folk Jaialdiaren proposamen musikalak askotariko soinuak ekarriko ditu, Euskal Herrian hasi eta Galizia eta Argentinako erritmoetan zehar doan musika ibilbidearekin, fusioa eta folk-rocka bezalako estiloak alde batera utzi gabe. Carlos Núñez, Amparanoia, Judith Mateo, Roberto eta Miren Etxebarria eta «Cyclical Tango» proiektua dira jaialdiaren proposamenaren goiburuak, eta aurten hiru ildo tematiko ditu oinarri: folk musikan familiaren transmisioak duen balioa, emakumeak musika mota honetan duen garrantzia eta Astor Piazzolla jaiotzaren mendeurrenaren ospakizuna.
Kontzertu nagusiak 19:00etan izango dira, eta irailaren 22an, asteazkenean, abiatuko da jaialdia, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alabak osatutako trikitilari bikotearen eskutik. Antzinako koplak oinarri dituen «Hamaikatxu kopla, pandero baten konture!» beren azken lana aurkeztuko dute oraingoan.
Biharamunean, hilak 23, Judith Mateo arituko da. Folk-rock biolin-jotzaileak, genero horretako instrumentista onenetakotzat jotzen dutenak, bere zazpigarren albumeko abestiak aurkeztuko ditu, «Alma de un violín», hain zuzen ere. Hurrengo egunean, irailak 24, Amparo Sanchez abeslaria buru duen Amparanoia fusio talde enblematikoa «Himnopsis colectiva» lan berria gerturatuko diote publikoari. Horretan eragin anitzeko musika proposatzen dute, cumbian hasita eta tartean beste doinu askok uztartuta, adibidez hiri erritmoak, rock hipnotikoa, reggaea, western musika…
Irailaren 25ean, larunbatean, Carlos Núñez gaita jotzaile ezagunaren txanda izango. Artista galiziarrak, folk zeltaren erakusle ospetsuak, «A irmandade das estrelas» debuteko diskoaren 25. Urteurrena ospatuko du Getxon eta bere kantarik ezagunenak joko ditu. Horretarako, besteak beste, tresna anitz jotzen dituen bere anaia Xurxo Nuñez eta Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpek osatutako trikitixa bikotea izango ditu lagun agertokian.
«Cyclical Tango» ikuskizunak itxiko du saio nagusien eskaintza. Fabian Carbone bandoneonistak bultzatutako proiektua honen bitartez omenaldia egingo diote Astor Piazzolla tango konpositore eta musikari handia bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Kontzerturako Carbonek konpositore argentinar ospetsuaren pieza esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditu eta horiek interpretatzeko eskarmentu handiko artisten eta dantzari-bikote baten laguntza izango du.
Beste saio batzuk
Getxo Folk jaialdiaren programazioak, guztira zortzi kontzertu hartuko dituena, doako bi emanaldi eskainiko ditu. Saio biak irailaren 25ean, larunbata, izango dira, Titiriteros de Binéfar (12:30) eta Trakamatraka (17:00) taldeen eskutik, hurrenez hurren. Lehenengoan, abesti herrikoiak formatu handiko txotxongiloekin eta beste elementu plastiko batzuekin uztartzen dira. Bigarrenean, Trakamatrakak 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia proposatzen die. Horretan, birziklatutako materialez egindako instrumentuekin interpretatutako musika da erabateko protagonista. Bi kontzertu horietara joateko gonbidapenak abuztuaren 2tik aurrera jaso ahal izango dira Romo Kultur Etxean eta Muxikebarrin.
Aurtengo proposamena Bitartean taldearen goizeko ikuskizunarekin borobilduko da (irailak 26, 12:30). Oraingoan, euskal eta argentinar doinuak uztartzen dituen banda hernaniarrak bere lanik ezagunenetako batzuen abestiak eta moldaketak interpretatuko dituzte, baita «Kreole» bere azken diskoko abestiak ere.