Bosteko irabazleak Michelangelo Scandroglio du buru, italiar jazz eszenaren etorkizun handiko musikariak, hain zuzen ere. Rigako (Letonia) Jazz Bass Nazioarteko Lehiaketaren irabazle zelarik, Adam Yuang Hongek gonbidatu zuen Pekingo Jazzaldira. 2018an, Venetoko (Italia) Tomorrow 's Jazz sari ospetsua jaso zuen herrialdeko talentu gazteentzat, eta, ondoren, Umbria Jazzek antolatutako Jazz Conad lehiaketako lehen saria irabazi zuen. 2020an «In the Eyes of the Whale» diskoa kaleratu zuen. Paolo Petreccak (troneta), Nicola Camintinik (saxo altua), Emanuele Filippik (pianoa) eta Luca Carusok (bateria) osatzen dute boskotea.
Bestalde, Víctor Jiménez & Friends laukotea Valentziako eta Erresuma Batuko musikariek osatzen dute eta genero ezberdinekin bat egitea proposatzen du. Itxuraz antagonikoak izan daitezkeen baina konbinazio orekatu bat osatzen duten sonoritateak biltzearen ondorio den kontrastezko jazza interpretatzen du taldeak. Victor Jimenezek (saxo altua), Will Barryk (pianoa), Conor Chaplinek (kontrabaxua) eta Andreu Pitarchek (bateria) osatzen dute taldea.
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea bihar, uztailak 4, jardungo da berriz Muxikebarrin, 19:00etan, Carles Benavent - Tino Di Geraldo – Jorge Pardo Trío & Niño Joseleren aurretik. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horiekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.