Gonzalo Rubalcaba eta Aymée Nuviolak, Kubako musikaren enbaxadore garrantzitsuenetako bik; Fred Hersch pianista eta konpositoreak, azken hamarkadako musikaririk berritzaileenetako bat denak; eta Cyrille Aimée abeslari adierazgarriak. Hala, osasun-egoera dela eta bertan behera geratu zen 2020ko edizioan aurreikusitako nazioarteko artista guztiekin zuen konpromisoari eutsi dio jazzaldiak eta, horri esker, guztiek jardun ahal izango dute aurten, nazioarteko mugikortasuna berrezarri baita. Jaialdiaren ordainezko kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2an jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan. Saioak Muxikebarrin izango dira, Taldeen Lehiaketako emanaldien ondoren (21:00).
Cyrille Aimée (1984, Fontainebleau) izango da horietako lehena jazzaldian jarduten. Ekainaren 30ean, ostegunean, arituko da artista frantziar-dominikarra. Jazzaren eszenan proiekzio handiena izan duen ahotsetako bat izan da azken urteotan eta hala erakusten du nazioarteko sarien bilduma zabalak. Horien artean Montreux Jazz jaialdiko (2007) eta Sarah Vaughan International Jazz Competition (2012) lehiaketako lehen sariak nabarmendu behar dira. Halaber, finalista izan zen Thelonious Monk International Jazz Competition-en (2010). Inprobisaziorako joera handiarekin, azken urteotan musika-arlo formaletan murgildu da, Stephen Sondheim musikagileari eskainitako Move On-A Sondheim Adventure diskoaren eskutik, eta baita Adonis Rosek eta The New Orleans Jazz Orchestrak lagundutako Petite Fleurlanean ere.
Hurrengo egunean, ostiralean, Fred Herschen (1955, Cincinnati) txanda izango da. Artista estatubatuarra konpositore eta erreferentziazko hezitzailea da, eta inprobisatutako musikaren berezko piano-estilo adierazkorrenetako bat du jazzaren munduan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Art Farmer, Joe Henderson, Charlie Haden eta Stan Getz bezalako artista handiekin hasi zena, bere belaunaldiko artistarik berritzaileenetako bat dela erakutsi du. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria, sari ugari jaso ditu eta Grammy sarietarako hamar izendapen ditu, baita jazz-argitalpen ospetsuenen aipamen garrantzitsuak ere. Hersch lehen figura gisa finkatu da, bakarreko errezitaldietan zein bikote eta hirukoteetan. Azken formatu honetan jardungo da Getxon, John Hébert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun izango dituela.
Habanako soinuak
Uztailaren 3an, igandea, Gonzalo Rubalcabaren (1963) eta Aymée Nuviolaren (1973) erritmo kubatarrek agur esango diote publikoari. Viento y tiempo aurkeztuko dute, El manisero, Bembá colorá eta Lágrimas negras bezalako klasikoak biltzen dituen disko-omenaldia. Txikitatik lagunak izan dira Habana jaioterrian, eta ibilbide paraleloa egin dute. Dizzy Gillespiek aurkitua, Rubalcaba piano-jotzaile bertutetsua eta jazz afrokubatarraren erreferentziazko figura da egun, bi Grammy sari eta beste bi Grammy latinorekin. Nuviola, bestalde, Karibeko musikaren abeslari handien artean finkatu da, eta 2018 eta 2020an Latin Grammy bat eta Grammy bat irabazi zituen Como anillo al dedo eta A Journey Through Cuban Music lanekin, hurrenez hurren. Getxon, zortzikote formatuan arituko dira, kontrabaxu, saxo, bateria, perkusio eta bi koru-ahots biltzen dituen taldearekin batera.