Ikastegiak 2017. urtean hartu zuen gaur egun duen izena, baina iragan mendeko 90eko hamarkadatik izan da espezialitate horretako goi eskola publikoa. Barne diseinu eta diseinu grafikoko gradu bana eskaintzen du, goi mailako hiru zikloz gain (animazioa, argazkilaritza eta ilustrazioa). “Barne diseinukoak berehala hasten dira lanean eta diseinu grafikokoek masterra egiten dute normalean”, azaldu du zentroko zuzendari Esti Iregik. Haren esanetan, IDarteko ikasleek lan egiteko aukera onak dituzte, nahiz eta Euskadin ez dagoen diseinu eta ikus-entzunezko industria indartsurik.
Sarbide-probetan parte hartzeko izen-ematea maiatzaren 3an bukatuko da. “Diseinu-laborategi” gisa sortutako eskola batera iritsiko dira ikasleak, zentroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren elementuen diseinuan aplikatu ahal izango baitute bertan ikasitakoa, hala nola webgunearen diseinuan eta ikasgeletako altzarietan.2020-2021 matrikulatutako ikasleei egokitu zaie eskolaren egoitza berria estreinatzea. Komentu zaharra abiapuntu izan zuen erreforma proiektuak antzinako klaustroa du bertako jardueraren ardatz eta bihotz, “herri txikia bailitzan”, zuzendariak nabarmendu duenez. Herri horretatik irtengo dira etorkizunean erabiliko ditugun espazioen eta objektuen diseinatzaileak.