Irudi berritua aurkeztuko du aurten 200dik gora kultura ekitaldi izango dituen Durangoko Azokak. Musika Bulegoarekin elkarlanean, DA!Pro izeneko gunean egongo da lehenengo aldiz, Durangoko Bartolome Ertzila Musika Eskolan, azoka gunetik oso hurbil; esperientziak elkartrukatzeko modua izango dute bertan musika sektoreko profesionalek, programatzaileek eta sortzaileek. Horrez gain, familiei (Saguganbara), ikusentzunezko sorkuntzari (Irudienea) eta mundu digitalari (Kabi@) zuzendutako gune espezifikoak egongo dira.
Azokaren irudi aldaketa profesionalekin elkarlanean diseinatutako erakusmahai berrituetan islatuko da. Egurrezkoak izango dira, erosoagoak eta identifikatzen errazagoak bisitarientzat. "Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da, Azoka antolatzen duen Gerediaga Elkartek lehendakari Maite Mujikaren esanetan. “Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du”, nabarmendu zuen aurkezpen ekitaldian.
Egitarau eszenikoari dagokionez, 2019ko koreografiarik onenaren Max saria irabazitako Kukai konpainia gipuzkoarraren ‘Erritu’ dantza ikuskizuna nabarmendu behar da, Szenatokia (San Agustin Kultur Gunea) gunean. Kontzertu handiek, berriz, Plateruena Kafe Antzokiko agertokia hartuko dute, emanaldi nagusiak honako hauek izango direla: En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi.