MUSIKA
Testua: Kmon

DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azoka
DURANGOKO AZOKA (DA!)
Durangoko Azoka birtualak ia 28.000 artikulu saldu ditu
2020-12-10
Produktuak erosteko aukera egongo da Euskal Herri osoko 141 liburudendatan, urtarrilaren 8ra arte. 55. edizioak bere aurreikuspenak bete eta gainditu ditu, antolatzaileen arabera.

Milaka kulturzaleen babesari esker, Durangoko Azokako taupada ez da eten edizio honetan. Gerediaga elkarteko Nerea Mujika eta Arantza Atutxa pozik eta eskertuta agertu dira aurtengo Durangoko Azokako balorazio-prentsaurrekoan: "Hasierako aurreikuspen guztiak bete eta gainditu ditugu. Hunkituta gaude kulturzaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa".

 

Gerediagako arduradunek jakinarazi dutenez, abenduaren 4tik 8ra arte 7800 erosketa egin dira Azokako webguneko online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5145 bestelakoak. Batazbeste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3’5 produktu erosi ditu batazbeste. Abenduaren 8a, azken eguna, izan zen egunik oparoena salerosketen aldetik. Arantza Atutxaren berbetan, "asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu behar izan dira produktu gehiago ekartzera".

 

Erosle gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Herrialde Katalanetatik, Galizatik eta Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetatik eskaerak egin dituztenak ere. Aurten salerosketa gunea online izan denez, horrek eragin nabarmena izan du webguneko bisita kopuruan: web orriak inoiz baino bisitari gehien izan ditu azken bost egunetan. 147.000 lagun baino gehiago sartu dira www.durangokoazoka.eus-era. Momentu jakin batzuetan, 4000 lagun inguru batu dira Durangoko Azokako "plaza digital" honetan.

 

Esan bezala, Azokak hasieran jarritako aurreikuspenak gainditu ditu: langileen txandak bikoiztu behar izan dira; paketeak egiteko kutxa gehiago eskatu behar izan ziren eta garraiolarien bidaiak ere areagotu behar izan dira. "Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela". Azokaren izenean, Nerea Mujikak eskertu nahi izan du 24 orduz biltegian jo eta su lanean ibili diren langileen esfortzua: "Bihotzez eskerrik asko biltegiko langileei, Gerediagako bazkideei, teknikariei, laguntzen ibili zareten guztioi... zuei esker taupadak bizirik jarraitu du". Hurrengo egunetan ere lanean jarraituko dute Landako Guneko biltegian, jasotako eskaera guztiak kulturzaleen etxeetara bidaltzeko asmoz. Halaber, kulturzaleen pazientzia ere eskertu nahi izan du Gerediagako presidenteak: "Lehen aldiz euskal kulturaren online denda erraldoi bat sortu dugu, bere konplexutasun guztiarekin, eta horregatik eskertu nahi dugu zenbait  arazoen aurrean erosleek erakutsi duzuen ulerkortasuna".

 

Jarraipen zabala Azokako egitarauari

Egitarauari dagokionez, Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dira azken bost egunetan, eta guztira aurrez aurre 2600 lagun baino gehiago izan ditugu ekitaldiez gozatzen: solasaldiak, ipuinen aurkezpenak, mahainguruak... Plateruenako kontzertu gehienetan gonbidapenak agortu dira, eta baita Landako Guneko hainbat ekitalditan ere: ipuinen aurkezpenak, Karrika antzerki taldearen irakurketa dramatizatuak, "Taupadaz taupaDA!" ekitaldi berezia...

 

Plateruenako diskoen aurkezpenak eta Landako Guneko jarduerak streaming bidez eskaini dira Azokako webgunetik eta hainbat hedabideetako kanaletatik. Guztira 43.500 lagunek jarraitu dituzte ekitaldiak streaming bidez. Jarraitzaile gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Mexikotik, Argentinatik edo Amerikako Estatu Batuetatik streaming-era konektatu direnak ere.

 

"Zu non, han DA!" egitasmoaren baitan ere, kontzertuak antolatu dira Euskal Herriko zortzi udalerritan: Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa. 32 taldek parte hartu dute bira berezi honetan, eta kontzertu gehienetan sarrera guztiak agortu dira. Guztira, 3200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertu hauetara. Kontuan hartuta Durangoko eta Durangotik kanpoko egitarauak, guztira 5800 pertsonek gozatu dute aurrez aurreko ekitaldiez. Streaming-a gehituta, beraz, 50.000 lagun egon dira Durangoko Azokako egitarauaz gozatzen.

 

Arantza Atutxak aipatu duen bezala, jarduera hauek guztiak osasun-neurriak errespetatuz antolatu dira, eta goraipatzekoa da publikoak uneoro izan duen jarrera eta errespetua: "Argi geratu da kultura segurua dela eta egoera zail honetan ere kulturaz gozatzen jarrai dezakegula. Kultura ere osasuna da!".

 

Taupada 141 liburudendatan

Durangoko Azokako online denda eta egitaraua atzo amaitu bazen ere, kulturzaleek euskal kulturari euren "taupada" emateko aukera izango dute gaurtik aurrera ere, "Zu non, han DA!" egitasmoaren bigarren adarrari esker. Gaurtik aurrera, Euskal Herriko 141 liburudendatan Azokako produktuak eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, 1 Lapurdin eta 19 Nafarroan. Zerrenda osoa eta bakoitzaren informazioa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke. "Online dendan erosi ez duzuenok oraindik ere aukera daukazue zuen hiri edo herriko liburudendan Azokako produktuak eskuratzeko”.

 

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, "bost egunez, euskal kultura bor-borka ikusi eta sentitu dugu, baina hau ez da nahikoa euskal kultura bizirik mantentzeko. Kultura behar dugulako kulturak behar gaitu; beraz, jarrai dezagun euskal kultura gozatzen eta kontsumitzen, liburudenda, antzoki, areto eta zinemetan. Taupada kolektibo hau ez dadila hemen eten".

Durangoko Azoka birtualak ia 28.000 artikulu saldu ditu
Durangoko Azoka birtualak ia 28.000 artikulu saldu ditu
Durangoko Azoka birtualak ia 28.000 artikulu saldu ditu

Segur aski asko interesatuko zaizu...
DURANGOKO AZOKA
Iazko edizioan Sormen Beka irabazitako lana da. Azokako online denda ere bigarren egunez egon da martxan. (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azokaren 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra egingo da. Kontzertuak eta bestelako emanaldiak streaming bidez ere ikusi ... (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Sortzaileak eta kultura arloko profesionalak elkarrekin harremanetan jarri du Durangoko Azokak, abenduaren 1etik 5era, Da! Pr... (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azokako taupada ez da etengo 55. edizioan. Azokako webgunean sortuko den online dendak 2300 produktu baino gehiago ... (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioak erakusmahaien diseinu berritua izango du, profesionalen eta erabiltzaileen beharrizanetara eg... (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da 'Osorik DA!' lelopean, haren osagai guztiei erreferen... (gehiago irakurri)
DURANGOKO AZOKA
Durangoko Azokak aurtengo edizioko iragarkia aurkeztu du gaur, azaroak 6. Iragarkia Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago