Gaur ireki ditu ateak aurrez aurreko Durangoko Azokak. Goizeko 10:00etan sartu dira Landako Gunera lehenengo bisitariak, aldez aurretik durangokoazoka.eus webgunean erreserba egin ostean. Landako bisitatzeko 1200 bisitarien bost txandetatik lau txanda beteta egon dira. Kulturzaleek segurtasunez eta modu erosoan bisitatu ahal izan dituzte 219 erakusmahaiak. Durangoko Azokak aurrez aurre ateak ireki dituen bitartean, martxan jarraitzen du Azokako denda digitalak: bertan eskura daitezke kulturaren plazan salgai dauden kultur nobedade guztiak.
Azokak bere hirugarren eguna ospatuko du bihar. Landako Gunera sartzeko bost txandetatik lau bete dira jada: eguerdikoa da libre dagoen bakarra momentuz, 14:00etatik 16:00etara. Diskoen aurkezpenei dagokionez, Skakeitan eta Nikotina ikusteko sarrerak agortu dira, baina oraindik sarrerak eskuratu daitezke gainontzeko zortzi taldeak ikusteko: Diabolo Kiwi, Lur Jota, Larrealde Trikitilariak, Kilimak, Ilargi, Kai Nakai, Sueder eta Lotura.
Irudienean, bere aldetik, iazko sormen beka irabazi zuen Bañolet websailaren lau kapituluak estreinatuko dira, 12:00etan Zugaza Zinemetan. Paxkal Irigoyenek eta Maia Iribarnek sortutako ikus-entzunezko proiektu honetan Nafarroa Beherako herri txiki baten istorioa kontatzen da, umeen ikuspegitik. Horrez gain, Irudienean beste proiektu batzuk aurkeztuko dira: "Paperezko hegoak", "Noiz utziko dio euria egiteari", "Ibaia ez da toki bat", "Begiak hesteko artean", "Harria herria"; "Tom eta Jerry" eta "Altsasu (gau hura)".
Ahotsenea Solasaldietan, egunero bezala, hamaika sortzaile izango ditugu euren lan berriak aurkezten: Edorta Jimenez, Asel Luzarraga, Hartzea Lopez, Iñigo Lopez Simon, Aitor Fresnedo, Amaiur Epher, Uxue Apaolaza, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Fermin Etxegoien, Hedoi Etxarte, Mikel Etxaburu eta Maite Larburu.
Szenatokian dantza ikuskizuna egongo da 18:00etan, Bagara Kolektiboaren eskutik: "I(n)tera(k)zioa". Proiektu honen xedea, dantzaren bidezko gorputzen mugimendua, zuzeneko musika eta teknologia berriek eskaintzen duten aukeren artean osatzen den interakzioan sakontzean datza.
Saguganbaran, bere aldetik, tailerrak, liburu aurkezpenak eta ipuin kontalariak izango ditugu: Xapoketan, Eider Eibar ilustratzailea, Yolanda Arrieta idazlea, "Itsaso zabalera", "Letren jolaslekuan"; "Hiru gara, baina niri bost!" Enara Garmendia eta Leire Urbeltzen eskutik (aurtengo Durangoko Azokako kartelaren egilea), "Dorotea".
Kabi@n geruza digitalen bigarren saioa izango dugu, 11:30ean Landako Guneko areto nagusian (ez da beharrezkoa aldez aurretik erreserba egitea). Landuko den gaia honakoa da: "zer da fedibertsoa eta zer eskaini diezaieke euskal sortzaileei?", Marko Txopitea eta Porruren eskutik.
Talaian, azkenik, hainbat lan eta proiektu aurkeztuko dira: "Partiturak", "Bidean", "Ilargiaren egutegia 2022" eta abar. Horrez gain, 13:30ean "Musika elektronikoa eta gaueko (ez) kultura" mahaingurua egongo da, Musika Bulegoak antolatuta.
Azokako gune guztietan ezinbestekoa izango da uneoro maskara jantzita izatea, jende-pilaketak ekiditea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Durangoko Azokak dei egiten die kulturzale guztiei arduraz jokatzeko Azokako espazio guztietan, eta baita Azokatik kanpo ere, Durangoko herrigunean.