“Ardura eta kontu handiz, pozik gaude FANTez bere distira osoan gozatzeko”, nabarmendu zuen Kulturako zinegotzi Gonzalo Olabarriak aurkezpen-ekitaldian.
Inaugurazio-gala Campos Eliseos antzokian izango da, eta Álex Gerediagak zuzenduko du; joan den urrian, Arriaga Antzokian egindako Max sarien gala zuzendu zuen Calixto Bieitorekin. Gala honetan ‘Virus-32’ film luzea estreinatuko da nazioartean, Montevideon birus batek eragindako sarraskia kontatzen duena.
FANTek FANTROBIA saria emango dio Prano Bailey-Bond zuzendari eta gidoilari galesari. Nicholas Meyer iparramerikarrak jasoko du Estrella del Fantastico saria. Gainera, Ohorezko Fant-a Bego Vicariori eta Patxi Azpillagari emango zaie, UPV/EHUtik animazioko zineman talentu berria bultzatzeko egindako lanaren aitorpen gisa; eta Macarena Gómez aktoreari, beldurrezko eta fantasiazko zineman aktore gisa egindako ibilbideagatik.
Film laburren atal ofizialak 23 lan proiektatuko ditu. Gainera, jaialdiak Esteban Ibarretxe errealizadore bilbotarra omenduko du, hil berria baita.