Jenny Holzer-ek (Ohio, AEB, 1950) beste inork ez bezala erakusten du artea gizakion barne-grinen adierazpenik benetakoena izan daitekeela. Hitza du lehengai eta horren bidez sortzen ditu ‘Jenny Holzer. Zera deskribaezina’ erakusketa osatzen dutenak bezalako testuak; gaur egungo sortzailerik garrantzitsuenetako bati gorazarre egin nahi dio honela Guggenheim Museoak. Artista honek espazio iradokitzaileak erabiltzen ditu, jendea plazaratzen dituen gaietan inplikatzeko, hala nola emakumeen aurkako indarkeria, boterearen gehiegikeriak edota errefuxiatuen krisialdia.
Museoa sortu zenetik bertan egon da Holzer-en lana, hain zuzen ere bisitariak eraikineko atrioan bertan agurtzen dituen ‘Bilborako Instalazioa’ izeneko artelanaren bidez. 12tik gora metroko altuera duten argizko bederatzi zutabek osatzen dute, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz ‘Arno’ izeneko lanetik ateratako mezuak igortzen dituztenak. Artista estatubatuarraren karrerako lanik garrantzitsuenetako bat da hori eta IHESaren aurkako borrokarako dirua biltzeko asmoz sortu zuen.
Sortzailearen gogoetak mota askotako euskarrietan erreproduzitu dira, besteak beste kamisetak, plakak eta ledak; baina leku publikoetan zabaltzea izan du helburu nagusitzat. Ildo horretan, erakusketa honen baitan proiekzioak egingo dituzte museoaren kanpoko hormetan martxoaren 21tik 31ra arteko ilunabarretan.