KOSMO Museoaren Kide Korporatiboa den La Tempesta enpresarekin lankidetzan garatutako proiektua da Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman ordezkatuta dauden artisten berri emateko eta Museoko funtsei eta egileei buruzko begirada, lotura, zeharkako irakurketa eta hurbilketa berriak eskaintzeko.
Lovie Awards sariak kulturaren eta teknologiaren arloan bikaintasun digitala aitortzeko Europako saririk prestigiotsuenak dira. Epaimahaia Arte eta Zientzia Digitalen Nazioarteko Akademiako (IADAS) kideek osatua da —erakunde horrek kultura eta teknologia digitalean aditu diren 4.000 kide baino gehiago hartzen ditu bere baitan.
Hamalaugarren edizio honetako sari-banaketa datorren azaroan egingo da. Oraingoan, Europako 35 herrialdetako 1.200tik gora proiektu aurkeztu dira.
KOSMO
KOSMO tresna digital berritzailea da, artearen eta teknologiaren elkargunean dagoena. Bere diseinu dinamiko eta irisgarriari esker Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma arakatu daiteke eta bertan ordezkatutako artistak eta haien arteko loturak ezagutu, bai eta Museoaren historian zehar haiek parte hartu duten erakusketak.
KOSMOren merituetako bat da interfaze bakar batean biltzen direla Bildumari buruzko eduki kuratorialak eta hezkuntzari lotutakoak, eta ezaugarri horri esker erabiltzaileek arte garaikidearen ulermenean sakontzeko artelanei buruzko informazioa, horien arteko loturak eta multimedia edukiak esploratu ditzakete. KOSMO Guggenheim Bilbao Museoaren proiektu estrategikoa da, eta web semantikoaren, datu estekatuen (LOD) eta adimen artifizialaren zehazpenen arabera eboluzionatuko du.