MUSIKA
Testua: Kmon

ART&MUSIC 2025
Guggenheim Bilbao Museoa
Guggenheim Bilbaok Art & Music-en 2025eko udaberriko programazioa iragarri du
2024-12-20
Maria Jose Llergo, Charlie Cunningham eta Yerai Cortesek flamenkoaren ikuspegi pertsonala eskainiko dute, museoak antolatu eta Kutxabankek babestutako zikloaren beste edizio batean.

Guggenheim Bilbao Museoak 2025eko udaberrian, Art & Music programaren barruan, egingo diren musika-emanaldiak aurkeztu ditu. Kutxabank babesle duen programa horrek, Museoaren arkitekturaren eta bertako erakusketen testuinguruan, kontu handiz aukeratutako zuzeneko proposamenak eramango ditu Atriora.

María José Llergo izango da lehena, martxoaren 8an, larunbatean, eta, ondoren, apirilaren 5ean, larunbatean, Charlie Cunninghamen txanda izango da. Yerai Cortések emango dio amaiera zikloari maiatzaren 10ean, larunbatean. Hiru proposamenak flamenkoan inspiratuta daude, baina generoari oso modu desberdinean heltzen diote.

Art & Music programak erakusketak talde txikitan bisitatzeko aukera ematen die kontzertuetara joaten direnei, sarrerak Museora 20:30etik aurrera sartzeko aukera ematen baitu, emanaldiak 22:00etan hasi aurretik. Gainera, Museoak Atrioan bertan edariekin eta pintxoekin (kontsumizioak ez dira sarreraren prezioan sartzen) prestatzen duen taberna-zerbitzua ere erabili ahal izango dute bertaratzen direnek.

María José Llergoren kasuan, sarreraren prezioa izango da 34,7€ museoaren lagunentzat eta 38,5 € gainerako publikoarentzat, eta Charlie Cunninghamen eta Yérai Cortésen kontzertuetarako, berriz, 29,7€ museoaren lagunentzat eta 33€ gainerako publikoarentzat. Sarrerak Museoaren webguneko jardueren atalean erreserbatuko dira. Museoaren lagunentzako aldez aurreko salmenta abenduaren 18an hasi da, eta gainerako publikoarentzat abenduaren 20an 12etan.

 

 

María José Llergo (martxoak 8)

María José Llergo diziplina anitz lantzen dituen artista da, abeslari eta konpositore gisa nabarmentzen da, eta hainbat instrumentu jotzen ditu. Flamenkoa giro-musika elektronikoaren ukituekin uztartzen duen bere Sanación EPak (2020) nazioarteko aitorpena lortu zuen, eta urteko 25 disko onenen artean sartu zuen National Public Radio –NPR– estatubatuarrak. Urte horretan bertan Colorsetik igaro zen, musika-prodijio berrien ikus-entzunezko plataforma denetik; bertan, besteak beste, Dua Lipa edo Jorja Smith artistek parte hartu dute.

Bere albumik berriena, Ultrabelleza, 2023ko urrian atera zen, eta aniztasunaren eta desberdina denaren ospakizuna da, askatasunari egindako omenaldia. Aitorpen aipagarriak izan ditu, eta 7.9ko puntuazio altua lortu du Pitchforken arabera. Gainera, Rolling Stone aldizkariak 2023ko gaztelaniazko 34. albumik onena izendatu zuen, eta NPRk urteko onenen artean sartu zuen, bere arrakasta sendotuz eta artistak Estatu Batuetan egindako bira batean nazioarteko ikus-entzuleak bereganatuz.

 

 

Charlie Cunningham (apirilak 5)

Charlie Cunnimgham arrakasta-kasu bihurtu da. Bere denbora pianoaren eta gitarraren artean banatuz, artista ingelesaren abesti malenkoniatsu eta erritmikoek Europako kontzertu-areto ospetsuenetara eraman dute.

Bere dislexiaren ondorioz, ia ezinezko zuen arren musika irakurtzea, eta Charliek tartekako lan ugari egin zituen denbora librean abestiak idazten zituen bitartean. Sevillara iritsi zenean, musika flamenkoan murgildu zen, eta denbora osoa gitarrari eskaini zion. Hiru hilabetez geratzeko asmoa bazuen ere, hiru urtez geratu zen. Bere herrialdera itzuli zenean, Londresko eta Oxfordeko tabernetan jotzen jarraitu zuen, eta berriz ere abestiak sortzen hasi zen. Bere hiru albumek eta lau EPk 500 milioi erreprodukzio baino gehiago lortu ondoren, orain zuzenean aurkeztuko du bere disko berria.  

 

 

Yerai Cortés (maiatzak 10)

Yerai Cortés flamenkoa lurralde ezezagun eta zirraragarrietara eramaten ari diren artisten belaunaldi berri batekoa da. Familiatik datorkio generoarekiko grina; bere aitak, Miguelek, gitarra jotzen irakatsi zion eta amak, Mariak, musikarekiko maitasuna txertatu zion. Gaztea izan arren, dagoeneko ibilbide zabala du, eta horrek hainbat generotako artistekin kolaboratzera eraman du, flamenkoaren berritzaile eta transgresoreetatik hasi eta latitude ezberdinetako musikarietaraino: Judeline, Ralphie Choo edo C. Tangana, esate baterako. Azken horrek artista protagonista duen La guitarra flamenca de Yerai Cortésfilm dokumentala ere zuzendu du.  

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Guggenheim Bilbao Museoak bere Bildumako artistak modu interaktiboan esploratu ahal izateko ekainean aurkeztu zuen KOSMO tres... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesi... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Museoaren kultura- eta hezkuntza-programazioaren helburua artearen eta bere balioen bidez ikuspegi berriak inspiratzea eta za... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Otsailetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle duen Art & Music progr... (gehiago irakurri)
Paris Musées / Musée d’Art Moderne de Paris © Othon Friesz, VEGAP, Bilbao, 2022
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Parisko Musée d’Art Moderne (MAM) museoarekin elkarlanean antolatu dute eraskuketa eta maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Pandemia-egoera betean igarotako urtea izaki, kopurua oso positiboa da, aurtengo urterako aurreikusitakoa baino % 6 gehiago ... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Guggenheim Bilbao Museoa zabalik egongo da datorren astelehenean, azaroaren 1ean, Domu Santu eguneko jai-eguna aprobetxatuta ... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago