Galdera. Zure lanetan funtsezko osagai bat dago: kontzientzia soziala sortzea. Zure ustez, zer gaik dute artearen bidez ezagutarazi eta salatzeko premia gehien?
Erantzuna. Artea kontzientzia kritikoa eta soziala pizteko tresna bat da niretzat. Artea kalean eginez, beste jende batengana irits gaitezke, hausnarketa-gai berriak sor ditzakegu, eta pertsona-kopuru handiagoa mobilizatu dezakegu. Nire ustez, hauek dira ezagutzera emateko premia gehien duten gaiak: klima-aldaketa eta ingurumena zaintzeko behar urgentea; zenbait gizarte-talderen giza eskubideen urraketa, emakumezkoena, esate baterako, eta planetan aurkitzen ditugun gizarte-desberdintasunak. Horrez gain, bizi dugun garai honetan, nire ustez ezinbestekoa da bizitzeko beste modu bat aldarrikatzea, pertsonekin eta gure ingurunearekin adeitsuagoa eta zintzoagoa dena. Horregatik, iruditzen zait lantzen dudan muralismoak gaur egungo indibidualismo horretatik ateratzeko eta kolektibismoaren alde egiteko aukera bat eskaintzen duela, komunitate kontzeptu batekin.
G. Zergatik muralak eta muralismo parte-hartzailea?
E. Espazio publikoko esku-hartzeen alde egiten dut, direnak direla, bisitari-kopuru handiagoa hartzen baitute eta publiko anitzagoaren kontzientzia pizteko aukera ematen baitute. Herritarrek parte hartzen dutenean, artelan hori eta horren mezua kolektibo batenak izatera pasatzen dira, lan hori bere sentitzen baitute; gainera, talde bateko kide izatearen sentimendua indartzen da, baita bizikidetza ere, eta kolektibo horren parte-hartzearekin eta ekarpenekin, nabarmen aberasten da proiektua. Jendaurreko arteak gizarte-inpaktu handiagoa sortzeko gaitasuna du, eta horrenbestez, gizarte-eraldaketa handiagoa sortzeko ahalmena. Egia da, halaber, zailtasun gehiago izaten direla, espazioa handiagoa baita, baina onurak ere gehiago izaten dira, publiko anitzagoa eta zabalagoa lortzen baita. Horregatik, jendearen erantzuna interesgarriagoa izan ohi da nire ustez, nahiz eta kritika gehiago jaso ditzakedan.
G.Nola izan da pandemian lan egitea? Erronka bat izan al da ingurune digitaletan lan egitea?
E. Pandemian lan egitea, alde batetik, opari bat izan da. Gelditzeko eta hausnartzeko aukera izan dugu, eta hori behar-beharrezkoa zen. Benetan zer den garrantzitsua baloratzeko unea izan da niretzat, eta nire ibilbidea eta ekintzailetza-proiektuak birplanteatzeko unea. Aro digital honetan, elkarrekin konektatuta egon ahal izan gara, distantziak gaindituta. Oso tresna baliagarria da oso urrun dauden latitudeetako pertsonak elkartzeko. Horrela garatu ahal izan dugu “artibismo feministak sarean” UNESCO Etxeak sustatutako proiektua, Gasteizko ARTgia aretoa eta Limako Trenzar elkartea lotu dituena. Sarean linean egindako saioen bitartez, gizarte-eraldaketarako proiektu artistiko bat sortu ahal izan dugu; Lurraren alde banatan bizi diren bi sortzaile aktibistaren arteko elkarrizketa bat izan da.
Bestalde, ARTgia aretoari esker, jende askoren eskaerak izan ditugu, haien lana erakutsi nahi zutela-eta. Hanka batetik herren gaudenean, beste hanka indartu egiten dela dirudi. Beti egongo dira jendearen eskaerak.
G. Gasteizko ARTgia zure gunea erreferente bat da gaur egungo artea sortzeko eta erakusteko, baita emakume sortzaileentzat ere. Zein dira zure emakumezko erreferenteak artearen eta sorkuntzaren arloan?
E. ARTgia Gasteizen dagoen arte-galeria bat da, Zubimendi auzoan, zehazki. Areto zuri gisa sortu zen, arte-diziplina desberdinen arteko sinergiak sortzeko eta proposamenak hartzeko gune moduan. Erreferenteei dagokienez, emakumezko erreferente askok dute eragina nire lanean. Azken aldian, Loise Bourgueoisen obraren eragin handia izaten ari naiz nire lanetan; dena den, betidanik egon naiz oso lotuta Marina Abramović “bideo-artearen amonaren” obrarekin, Mona Hatoumen instalazio artistikoekin eta objektu kontzeptualekin, edota Shirin Neshaten bideo-sorkuntzekin edo hark sorturiko irudiekin.
G. Zergatik da garrantzitsua arte-hezkuntza?
E. Arte-hezkuntza funtsezkoa da irakaskuntzan, arazo baten aurrean ikuspegi desberdinak aztertzeko aukera ematen baitu. Garrantzitsua da nola pentsatu behar den erakustea, ez hainbeste zer pentsatu behar den. Arte-hezkuntza hitzez ez beste modu batean adierazteko tresna bat da. Egitea da, esatea baino gehiago. Hau da, adierazteko beste modu bat da, emozioak eta sentimenduak bideratzeko aukera ematen duena; izan ere, sentimenduak gure bizitzan eta bilakaeran hain presente egon arren, oso gutxi baloratzen eta lantzen dira hezkuntza tradizionalean.
Gaur egungo gizarte indibidualista honetan, ezinbestekoa da izatea lehenestea, edukitzearen aurretik. Ezinbestekoa da komunitatea sortzea, sinergiak ehuntzea, benetako gizarte-eraldaketa bat lortzeko. Eta horretarako funtsezko tresna da arte-hezkuntza, aukera ematen baitu kontzientzia kritikoa garatzeko, ekintzan eta pentsamenduan bideratzeko, eta lantaldeak sortzeko, mezu sozial bat duen artelan bat egitean.
Bego Guzmán-Maria Mikelarena