Elkarrizketan, Claudia lotsati eta umoretsu ageri da. Behin baino gehiagotan adierazten du pandemia noiz amaituko amorratzen dagoela, kalera irten eta Madrilen pasieran ibili nahi duela, eta atzera ere Reina Sofía bisitatu. Hala ere, lan-mahaira itzultzen denean jokatzen du naturalen: hantxe sortzen du eta hantxe sentitzen da seguruen.
Zenbait akademiatan ikasi ondoren, 2015ean Bilbao FormArte eskolara iritsi zen, artearen bidez desgaitasun psikiko eta/edo intelektualen bat duten pertsonei garapen pertsonal eta profesionalerako programa bat eskaintzen dien prestakuntza-zentrora. Cristina Bacete eta Ana Urgoiti dira ekimen horren buruak, heziketa berezian eta arte ederretan adituak, hurrenez hurren. Hanburgoko (Alemania) Die Schlumpers eta Oaklandeko (AEB) The Creative Growth galeriak bisitatu ondoren, Bacetek eta Urgoitik argi ikusi zuten artea lanbide ezin hobea izan zitekeela desgaitasunen bat duten pertsonentzat.
Claudiak turrustaka ditu enkarguak. Denak ere agendan zehatz-mehatz apuntatu eta sormenari hegan egiten uzten dio goizero-goizero bere txokoan. Mihiseetan bakarrik ez, bestelako oihaletan ere pintatzen ditu bere etxe, natura hil eta giza figurak. FormArte-ren web-orri eta dendan, besteak beste, hark sortutako zetazko zapiak, elastikoak eta aterkiak eros daitezke. Artistaren lanen artean, eskuz pintatutako errezel handiak izango dira bikainetako batzuk seguru asko; errezel horiexek ikus zitezkeen, hain zuzen, eskolak Bizkaiko Batzar Nagusietan urtero antolatzen dituen erakusketetarako batera sartu berritan.
FormArte-k, sormenerako eta erakusketetarako guneak eskaintzeaz gainera, modua ematen du zenbait teknika artistiko landu eta findu eta artearen historia eta kultura ikasteko, horiek guztiak funtsezkotzat jotzen baititu ikasleak pertsona eta artista gisa hazteko. Beren hezkuntza-programan, oinarri-oinarrizkoa da museoetara eta erakusketetara bisitan joatea. Claudiak eta Ana Urgoitik ondo gogoan dute orain urte batzuk Guggenheimen ikusi zuten espresionismo abstraktuari buruzko erakusketa. Pollock, De Kooning edota Motherwell bakoitza FormArte eskolako artisten obra batekin edo besterekin identifikatzen zuten. Logikoa da, aniztasuna eta askatasun artistiko indibiduala baitira nagusi bi kasuetan.
Osasun-larrialdiaren eraginez indarrean dauden murrizketak direla tarteko, aurten ez dute Parisen ospatzekoa den Outsider Art Fair erakusketaren zortzigarren ediziora joaterik izango, baina, hala eta guztiz ere, ezin konta ahala proiektutan buru-belarri sartuta dabiltza. Proiektu horietako bat da UNESCO Etxearekin elkar hartuta antolatu eta hurrengo urriaren 29an online egingo den Hezkuntza, Arteak eta Herritarrak V. Mintegia. Bertan, Mugarik gabeko sormena lelopean, desgaitasunen bat duten pertsonek hezteko, beren lanak egiteko, erakusketak egiteko eta aitortza izateko duten eskubidea landuko da.
Claudia Aguinagak artistatzat dauka bere burua, eta horrelaxe ikuste dute haren obra ezagutzen duten inguruko pertsonek ere. Haren asmoak bat datoz beste hainbat sortzailek dituztenekin: bere karrera sendotzea eta bere lana gure inguruko museo nagusietan erakustea. Hori lortu bitartean, lanean jarraituko du, sortzen eta kultur bizitzan eragile artistiko aktibo gisa parte hartzen, baina bere helburu nagusia ahaztu gabe: bere lanak Guggenheimen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Reina Sofían erakustea, alegia.
Bego Guzmán
Eraldaketa Sozialerako Kultura programaren arduraduna
UNESCO Etxea.