Teresa Castro Cómics LGTBI kolektiboen eta emakumeen giza eskubideen eta beste kausa sozial batzuen aldeko ekintzailea da, “ARTivista” esan ohi du berak, komikien, ilustrazioen, bineten eta komiki-tiren bidez. UNESCO Etxeak bultzatutako GizARTE Sareko edo Gizarte Eraldaketarako Heziketa Artistikoen Euskal Sareko kidea da, uste duelako “marrazkia arma egokia izan daitekeela ahalduntzeko, nor bere buruarekin hobeto sentitzeko, norberaren egiazko bidea aurkitzeko, niri gertatu zaidan moduan. Komikia bitarteko eskuragarria da, marrazkia eta testua uztartuz pertsona eta istorio zirraragarrietara hurbiltzen gaituena, zuk noiz irakurriko edo noiz marraztuko zain dauden pertsona eta istorioetara”.
Teresa Castrok lotura estua izan du beti kulturaren munduarekin, film laburrak egin ditu, margolanak egin ditu eta ipuinak idatzi ditu, eta sariren bat edo beste ere irabazi du azken bi diziplina horietan. Beti irakurri izan ditu komikiak, Spiderman du pertsonaia kutuna, eta txikitatik egin zituen urratsak bederatzigarren artean, istorioak idazten eta marrazten, baina orduan tiradera batean gordetzen zituen eta ez zizkion inori erakusten.
Gehitu elkarteak (Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen elkartea) interesa agertu zuen haren L.S.B., Ana pertsonaiarekiko elkarteko boluntarioek argitaratzen duten Gehitu Magazine aldizkarian sartzeko. Emakume lesbiana gisa armairutik atera zenekoa kontatu zuen bere burua aurkezteko lehen istorio hartan. Hurrengo zenbakian, berriz, GIBa izan zen aldizkariaren ardatza, eta horrela jaso zuen bere lehen “enkargua”: emakumeen arteko sexu-harremanetan GIBaren aurrean babesteko neurriei buruzkoa, beti ere L.S.B., Ana pertsonaiak berezkoa duen umoretik. Geroztik, pertsonaiak bilakaera handia izan du: lehen beti Teresaren eskutik joaten zen, eta orain bere bizitza bizi du, eta bere nortasunean ezagun du iturri askotatik edaten duela, ez soilik autobiografikoetatik.
Teresa Castrok onartzen du emakumeek une gozoa bizi dutela komikian. Azken bi urteotan Komiki Sari Nazionala bi emakumek irabazi dute: 2018an Ana Penyasek Estamos todas bien lanarekin, eta 2019an, Cristina Durán eta Laura Ballesterrek, Miguel Ángel Ginerrekin batera, El día 3 lanarekin. Nabarmendu du hainbat lesbiana atera direla plazara, beren buruari buruz hitz eginez nazioarteko aitortza jaso duten hainbat obratan, hala nola Tillie Walden, sari ugari jaso dituen Piruetas lanarekin eta Emil Ferris, Lo que más me gusta son los monstruos lanarekin. Orobat, Susanna Martínen lana goraipatu du, “María Castejónekin batera Annemarie Schwarzenbac-en biografia zoragarria oparitu digulako, zeinak arkeologo, kazetari, argazkilari eta nobelagile lesbiana horren ezohiko bizitza kontatzen duen”. Alison Betcdel du istorio-kontatzaile kutuna, eta haren Kontuz ibiltzeko lesbianak tirak. L.S.B., Ana pertsonaiaren istorioetan erreferentzia zuzena dira lan horiek, “baina Alison ni baino askoz serioagoa da”, dio Castrok txantxetan.
Teresa Castroren eta haren L.S.B., Ana pertsonaiaren azken abenturak haren koadrila aurkezten digu, askotarikoa bezain dibertigarria, hainbat istorioren bidez. Kontakizun grafiko horietan LGTBI+ komunitateak oraindik ere bermatu gabe dituen eskubideak gogoratzen zaizkigu. Castroren binetek 2021eko egutegia eta Zaira García Dafonte egilearen “Gida didaktikoa: LGTBI+ komunitatearen eskubideak hilabetez hilabete” lana janzten dute marrazkiz. Ekimen horren bidez, UNESCO Etxeak EAEko bigarren hezkuntzako ikastetxeetara iritsi nahi du, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Idazkaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.
Argi dago L.S.B., Anak bere bizitza duela eta zer kontatu asko daukala.