Aitziber Irigorasen esanetan, "Durangok aspaldi egin zuen kaleko ikuskizunen aldeko apostu sendoa, antzoki baten ikusi ezin diren ikuskizun horiek indartzeko helburuarekin. Uda heltzearekin batera, San Agustineko ateak zarratzen dizkiogu programazioari eta ikuskizunak kalera eramaten ditugu, Durangoko plaza, parke eta kaleetara durangar guztiek arteaz goza dezaten".
Guztira 8 emanaldi eskainiko dira aurten espazio desberdinetan. Eskaintza anitza eta kalitate handikoa da aurtengoa. Antzerkia, musika, magia eta zirkua izango dira ekainaren 22tik uztailaren 21era ospatuko den Uda Kalean Bizi egitasmoaren protagonista nagusiak. Ohiko espazioetan eskainiko dira ikuskizun guztiak, salbuespenak salbu. Nobedade gisa, Balbino Garitaonaindia plaza aipatu daiteke.
2017ko Uda Kalean Bizi, ohi baino arinago hasten da, izan ere, 10 emakumez osatutako TOKYO BRASS STYLE izeneko banda japoniar entsutetzua programa izateko esfortzu handia egin da. Taldea bira bat eskaintzen dabil egunotan eta ekainaren 22an, Durangon izango du lehen hitzordua. Banda japoniar hau, esan bezala, 10 emakumek osatzen dute, eta 2005ean ekin zion ibilbideari. Oso entzutetsu bilakatu dira urteotan Japonian, eta birak egin dituzte Frantzian, Alemanian, Espainian, Taiwanen, Mexikon, eta abarretan. Harrezkero argitaratu dituzte disko batzuk: Ani-Jazz Ghibli, BRASTA Tengoku Brasta best note… eta errepertorioa ere anitza da: musika herrikoia, ska, funka, swinga, musika latinoa eta, nola ez, anime japoniarraren abestirik famatuenak ere bai. Haizetara jaialdiaren IX. edizioan izan genituen, eta publikoaren saria bereganatu zuten.
Era berean, interesa erakutsi duten eta uda garairako jarduera desberdinak antolatzen ari diren tokiko elkarteekin ere lankidetzan ibili da San Agustin. Horien artean, Arandoño Elkarteak ekainaren 24rako, Andr Marin antolatu duen kontzertu berezia.
Azpimarratzekoa da baita, kaleko antzerkiak euskeraz ere gozatu ahal izango direla, "kale ganberro" formatuan, publikoarekin elkar eraginez. Aurten, orain dela gutxi sortutako "Tornado" izeneko konpainia izango da "Lapurminak" saioa eskaintzen.