Durangoko Udalak kulturaren aldeko apostua egingo du aurtengo udan, Uda Kulturaz Blai programaren bidez. Guztira, 38 musika, antzerki eta dantza ikuskizun egingo dituzte uztailaren hasieratik irailera arte, bestelako 58 kultura ekitaldirekin batera.
Euskal kulturako izen ezagunak bilduko ditu zikloak, besteak beste Olatz Salvador eta Sara Zozaya musikariak, emakumezko izenei dagokienez; Haatik eta Dantzaz dantza konpainiak edota Markeliñe eta Zanguango antzerki taldeak. Horrez gain, adin guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte.
“Covid-19ak sortutako krisia erronka bezala ulertu dugu Durangoko Udalean, eta garrantzitsua iruditu zaigu balditza hauetan durangar guztiei aisialdi eta kultura jarduera ezberdinak eskaini ahal izatea. Gainera, Euskal Herriko eta Durangoko kulturgileak babesteko balio izango du. Kulturaren aldeko apostu sendoa egin dugu uda honetarako, eta emaitza begibistakoa da”, adierazi zuen Ima Garrastatxu alkateak, zikloaren aurkezpen ekitaldian. Horretarako, 95.000 euroko aurrekontua bideratuko dute, iazko kopurua (25.000) baino dezente gehiago.