Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak jaialdiaren aurkezpena egin dute, eta artista nahiz ildo nagusien aurrerapen bat eman dute.
Atlantikaldia Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia da, aniztasunari gorazarre egiten dion festa. Jaialdiaren 9. edizioa izango da irailaren 15etik 18ra ospatuko dena eta azken bi urteetako edizio egokituen ondoren, berriro ere kaleak eta ohiko itxura berreskuratzera datorrena.
‘Itsas kodeak’ da aurtengo jaialdiaren leloa: “Herri ezberdinen arteko elkar ulermenerako erabili izan diren lengoaia unibertsala dira itsas kodeak, eta Atlantikaldiak nortasuna badu, urte hauetan guztiotan eraiki dituen lengoaia komunei esker lortu du. Sorkuntza, musika, dantza, artea eta eragileen arteko elkarlana dira Atlantikaldiaren hizkuntza unibertsala, kulturen arteko elkarbizitza ahalbidetzen eta sustatzen dutenak”, azaldu du alkateak.
Ideia hau jaialdiak izango dituen 4 gune nagusietara eramango dute. Lehendakari Agirre plaza, Panier orubea, Herriko plaza eta Foru plaza izango dira gune horiek nahiz eta ibaia eta herrian zehar ere ekimenak antolatuko dituzten.
Egitura honekin, aurtengoa herriko txoko ezberdinetan jaialdiarekin bat egitearen sentsazioa berreskuratzeko ekitaldia izango dela, esan du Gartziak: “Kalean dabilen jendeak, ezustekoan bada ere, jaialdia topatzea nahi genuke, jaialdia deskubritzea eta eskainiko ditugun ekintzekin gozatzea”.
Egitarau osoa irailean aurkeztuko duten arren, diziplina askotariko edukiz betetako programa izango dela aurreratu du kultura zinegotziak, nazioarteko sortzaileen eta herriko elkarte ezberdinen proposamenekin osatutako lau eguneko programazio mardula. Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkie euren proposamerarekin programazioa osatuko duten eragileei.
Atlantikaldiako lehen artista korfirmatuak
Musikari dagokionez eszenatokira igoko diren lehen artista batzuen izenak nabarmendu dituzte, eta Iker Tolosa zuzendariaren esanetan “oholtza guztietan izango dira kalitatezko proposamen handiak, bakoitza bere nortasun eta publikoari bideratuta, jaialdi orekatua izatea bilatu baita”. Tanxugueiras, Kolinga, Les Amazones d’Afrique, Albany, España Circo Este eta Palmerita Coco Blue dira taula gainean izango diren artistetako batzuk.
Gainera, eta ohikoa denez, ikuskizun hauek ‘Itsas Elkarrizketen’ bidez aberastuko dituztela azpimarratu du Tolosak: “Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimenak, nazioartekoak eta bertakoak, eta inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak eskaintzea ahalbideratzen du honek. Dagoeneko jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira”.
Une honetan, jaialdiaren lantaldeak hamaika eragilerekin batera lanean dihardu, musikaz gain hainbat arte adierazpen bilduko dituen egitaraua osatzen. Irailaren 15etik 18ra arteko datak gordetzera dei egin dute, baita ere Atlantikaldia Jaialdiaren prestakuntza lanak sare sozialen eta webgunearen bitartez jarraitzera, hori izango baita programazioaren informazioa eta konfirmazio berriak emateko bidea.