Aizpea Otaegi Errenteriako jarduneko alkateak, Maite Gartzia Errenteriako jarduneko Kultura zinegotziak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Kultura diputatuak eta Josean Ruiz de Azua Atlantikaldiaren zuzendariak aurtengo jaialdiaren aurkezpena egin dute Errenteriako Lehendakari Agirre plazan. Egitarauaren parte izango diren lehenengo artisten izenak ezagutzera eman dituzte bertan.
Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Aurten, urteurrena du gainera: “10 urte beteko ditu Atlantikaldiak irailean. Norabide jakin batekin abiatu zen jaialdia; aniztasunean eta elkarbizitzan oinarritutako kaleko jaialdi gisa jaio zen eta balio hauei eusteaz gain, ibilian ibiliz ikasitakoarekin gorpuztu dugu berezko nortasuna duen hitzordua” esan du Aizpea Otaegi herriko alkateak.
‘Bitakora’ da aurten jaialdiaren leloa: itsas ibilbide luzeetan marinelek erabiltzen zituzten bidaia-koadernoak dira bitakorak eta Atlantikaldiak ere orrialde asko idatzita du jada. “Ideia horretatik abiatuta sortu dugu aurtengo leloa. Indartsu iritsi da jaialdia bere 10. ediziora eta bere bidaia-koadernoan orrialde berriak idazten jarraitzeko bidelagun ezin hobeak ditugu: sortzaile, eragile eta publikoarekin batera segituko dugu gure bitakora idazten”, azaldu du alkateak.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak, bere aldetik, programazioa osatu eta aberasteko eragileek egin dituzten proposamenak eskertu nahi izan ditu: “Herriko eragileen inplikazioa oso garrantzitsua da jaialdiarentzat; izan ere, herritik sortzen diren ekarpenek asko baitute gure herriaren izaera eta balioetatik, eta Atlantikaldiak horren guztiaren isla behar du izan”.
Diziplina askotariko egitaraua
Jaialdiaren lantaldea, bideragarri jo dituen proposamenekin, diziplina askotariko egitaraua osatzen ari da orain: musikak, gastronomiak, dantzak, erakustaldiek, kaleko arteek, kirolak… Lehendakari Agirre Plazan, Panier orubean, Herriko Plazan eta Foru Plazan kokatutako gune nagusietan tokia izango dutela azaldu du Gartziak.
Programa osoaren berri izateko irailera arte itxaron beharko bada ere, musikari dagokionez eszenatokira igoko diren lehen artisten izenak aurreratu ditu Josean Ruiz de Azua jaialdiaren zuzendariak: Rodrigo Cuevas (Asturias), Fémina (Argentina), Aywa (Magreb), Nidia Gongora (Colombia), Bia Ferreira (Brasil), EDE (Madril), Rebeca Lane (Guatemala) eta Olaia Inziarte (Euskal Herria). Bere esanetan, “publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak eta musika eskaintza ere horrelakoa da: anitza eta koloretsua”. Gainera, guztiak ere kalitate handiko musikariak direla azpimarratu nahi izan du zuzendariak.
Halaber, jaialdiak hasieratik egin duen sorkuntzaren aldeko apustuari jarraiki, aurten ere ez dira faltako ‘Itsas Elkarrizketak’. Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira. Horien berri ere irailean emango dute.
Hau horrela, irailaren 14tik 17ra arteko datak gordetzera dei egin die herritarrei, baita Atlantikaldia Jaialdiaren berri guztiak sare sozialen nahiz web gunearen bidez jarraitzera ere. Horiek izango dira programazioaren informazioa emateko bideak. Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, urtez urte, jaialdiari eskaintzen dion babesagatik.