"Ongi etorri Grammy saria irabazi duen Michel Camilo pianista, konpositore eta banda-buruaren webgune ofizialera". Hauxe da artista dominikarren etxe birtualerako sarbidean agertzen den mezua, ibilbide luzea esaldi bakar batean laburbiltzeko asmoz. Alferreko ahalegina, aipatu gabe uzten baitu Emmy saria ere irabazi duela, ekoizle iaioa dela, 'Calle 54' filmean parte hartu zuela, Tomatitorekin batera flamenkoan trebatu zela...
Bere azken lana dugu 'What's up?' (Jazz Latinoko Album Onenarentzako Grammy Latinoa), piano bakarlari batez taxututako diskoa. Baina Getxon hirukote gisa taularatuko da, Cliff Almond bateria-jotzailea eta Lincoln Goines baxu-jotzailearekin batera. Horrela, aiseago eta errazago errepasatuko du, laurogeiko hamarkadaren erdialdeaz geroztik landu duen errepertorioa, Camilo jazzaren eta soinu latino, musika herrikoi, folklore eta soinu-banden erreferente bilakarazi duena. Musiken joskintzaren ikur.