Durangoko Azokako arduradunek aurtengo edizioaren xehetasunak aurkeztu dituzte Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Hain zuzen ere, abenduaren 5etik 8ra bitartean, Szenatokia gunea izango da, eta bertan izango dira proposamen eszenikoak. Ekitaldian Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko arduradunak parte hartu du, azoka osatzen duten gune bakoitzeko arduradunekin batera: Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Maider Sagarabokia (Urrutia).
“Durangora etortzeko deia egin nahi diegu kulturzaleei”, azpimarratu du Gaztelurrutiak, aurtengo edizioari aurre egiterakoan duten “ilusioa” azpimarratuz. "Sortzaileak, argitaletxeetako kideak, kulturako langileak eta herritarrak elkartuko gara, kulturaz gozatzeko eta zaintzeko helburuarekin. Eragile guztiak dira beharrezkoak. Aurten deialdi berezia egin nahi diegu zaleei, kultur sistema bizia lortzeko ezinbestekoak direlako", gaineratu du.
Abenduaren 5etik 8ra egingo dute Durangoko Azoka. Landako Gunean, 153 parte-hartzailek 274 erakusmahai jarriko dituzte, eta horietan 933 nobedade egongo dira ikusgai. Estilo eta gai mota guztiak hartzen dituzten sorkuntza-lanak dira, tokikoak zein unibertsalak. Adibidez, Palestinari buruz aurkeztuko diren lan batzuek erakusten dute euskaratik ere munduari begiratzen zaiola. Lan berrien 200 aurkezpen inguru programatu dituzte. Programa osoa webgunean kontsultatu ahal izango da www.durangokoazoka.eus.
Aurtengo aurrekontua 735.000 eurokoa izango da, eta horietatik %25 erakustokien alokairuaren bidezko autofinantzaketari dagokio, %18 babesle pribatuei eta gainerakoa babes publikoei.
Hainbat gune tematiko izango ditu Azokak. Szenatokia (arte eszenikoak), Ahotsenea (musika eta literatura nobedadeen zuzeneko aurkezpenak), Museoa (Durangoko Arte eta Historia Museoan dago eta Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa hartuko du), Irudienea (zinema ekoizpenari eskainia), Kbia (euskara eremu digitalean), Saguganbara (haurrentzako aurkezpen nagusiak) eta Talaia (haurrentzako aurkezpenak).
Azoka Telebista
Aurtengo edizioak ikasleei eta gazteei eskainitako bi jardunaldi hartuko ditu, hilaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren. Azken egun honetan, "Argizagi. Zubi bat adiskidetasunerantz” lana aurkeztuko du Marramiau kolektiboak, iazko Sorkuntza Bekaren bidez sortua. Horrez gain, Azoka Telebistak 'Hartzea ematea da' magazina ekoiztuko du egunero, eta tokiko telebistetan, azokaren webgunean, youtuben eta ETBn ikusi ahal izango da.
Azoka-esparruak indarkeria matxistaren aurkako protokolo espezifikoa ere izango du, eta hainbat ‘puntu more’ jarriko ditu, erasoren bat gertatuz gero haietara jo ahal izateko.
Horrez gain, 2025eko edizioari begira, azokak 60 urte beteko dituenean, Durangoko Azokaren pertzepzioa ezagutzeko ikerketa bat egingo dute antolatzaileek, inkesten bidez. Aurreko edizioetan bezala, azoka-esparrua 10:30etik 20:00etara egongo da irekita, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko edo ibilgailu partikularrak autobidearen irteeraren ondoko aparkalekuetan uzteko gomendatu diete bisitariei. Handik, doako autobusak abiatuko dira Landako Gunerantz.