Aukera baliatu nahi nuke esateko Javier Krahe La Mandragorako kidea izan zela, Joaquin Sabinak eta Alberto Perezek osatzen zuten hirukotea. Nahitaezkoa dirudi erreseina bakoitzean hori gogora ekartzeak, baina madrildar kantautore zorrotzaren handitasuna dagoeneko hiru hamarkada iraun duen ondorengo ibilbidean zehar finkatu da. Tarte horretan zirikatzaile patxadatsua dela erakutsi du, hitz-jarioa, prosa, bertsoa eta ahots gardena aski dituena irribarreak elikatzeko, barre-algarak eragiteko eta baita lotsatienak asaldatzeko ere.
Epaitu eta absolbitu egin zuten Kristo kozinatzeko modua erakusten zuen bideoa filmatzeagatik; eta, urrrutira jo gabe, oso gutxitan hitz egin dute hainbeste berari buruz. Krahek pentsatzera gonbidatzen du, ironia dario eta satiraren maisua dela azaldu du hamabost diskotan eta, batez ere, inprobisazioari eta gogoetari emateko bidea ematen dioten errezitaldietan. Ariketa intelektual osasungarriak izango dira 'Las diez últimas' lana aurkezteko emanaldiak.