Galdera. Zelako esperientzia izan da Xabier Amurizak berreskuratu dituen antzinako koplak gaurkotzea?
Erantzuna. Musika hauek zirrara handia eragin didate betidanik. Aspalditik nire-nirea den zerbait da; erritmoa, doinua eta indar handia dutela sentitzen dut. Hori dela eta barne-barnean sentitzen dut. Urte asko dira Xabier Amuriza ezagutzen dudala eta berak berreskuratu dituen Bizkaiko kopla hauekin lan egitea proposatu zidanean, zerbait konbentzionalagoa espero zuen. Nik Kantika Koraleko jendea ezagutu nuen eta beraiek ere esperimentatzeko gogoa bazutela ikusi nuen. Osagai horiekin guztiekin zerbait egitea bazegoela bururatu zitzaidan, beraz Xabier Sarasolari deitu nion (ahots-moldatzaile bikaina da bera), moldaketa elektronikoak sortu genituen Jose Luis Canal piano-jotzailearekin batera eta gero ahotsak txertatu genituen. Ilusio handia ematen didan proiektu paralelo horietako bat da.
G. Zelan lortzen da zerbait berria sortzea betidanik ezagutzen ditugun kantuetatik abiatuta?
E. Nire buruan beste eszenatoki batzuk imajinatzen ditut etengabe, deigarri egiten zaizkidan eszenatokiak. Nigandik tira egiten duen energia bezalakoa da. Kontzertuetan ere inprobisatu eta esperimentatzen dugu, beraz, zuzenekoa grabatuko bagenu disko desberdina aterako litzateke.
G. Lan batetik bestera erregistroz aldatzeko ohitura duzu. Gustuko dituzu aldaketa horiek?
E. Niretzat lan guztiek intentzio bera dute: guztia ematea. Trilogia grabatu nuenean, banekien asko bidaiatu beharko nuela. Lan ikaragarri handia izan da! Baina aldi berean lan paraleloak ere egin ditut; nire jendearekin nagoelako babestuta sentiarazten nauten lanak. Bidaiatzeak kritiko bihurtzen zaitu gure gauzekiko, baina aldi berean gauza horiek baloratzen irakasten dizu. Bidaiatzen zarenean eta urte hauetan ezagutu dudan jende zoragarria ezagutzen duzunean, hemen ere oso jende interesgarria daukagula konturatzen zara.
G. Mundu globalizatu honetan, zein da sustraiko musikaren lekua, tartean euskal musika?
E. Egia da musika estandarizatze bidean dela. Hiri jakin bateko taberna batean zaude eta batzutan ezin duzu beste herrialde batetik bereiztu. Baina aldi berean bada bere inguruko gauzekin gozatu eta gauza horiek partekatu nahi dituen jendea. Nire kasuan, txalaparta edo alboka ezagutu nituenean, txikiak diren baina guretzat garrantzi handia duten musikak, beste pertsona batzuei erakustea zirraragarria izan zitekeela konturatu nintzen, niretzat ere zirraragarrria delako adibidez Madagaskarreko musika entzutea.
G. Ezagutu dituzun musikarietatik, zeinek izan du eragin handiena zugan?
E. Ni baino handiagoa den jendearekin lan egin dut betidanik, musikari autodidakta naizelako. Adibidez, New Yorkera edo Habanara joan zintezke Jose Luis Canal bezalako musikari baten bila. Pat Methenyrekin jotzeko aukera izan nuen eta ikaragarria izan zen. Oso musikari handiak ezagutu ditut: Lito Vitale, Chano Domínguez, Michel Camilo, Roberto Fonseca…Oso polita da egun osoan zehar ‘a ze musikariak!’ esaten ibiltzea. Eta, jakina, haiengandik ikasi ahal izatea.
G. Zein izango da zure hurrengo proiektua?
E. Disko originala izango da, nirekin lan egiten duen oinarrizko taldearekin. Zer sortzeko gai garen probatu nahi izan dut, elektronikari ere tartea utziz. Bilboko alde bati eskainitako lana izango da. Hainbeste bidaiatu ondoren, etxera itzultzea bezalakoa izango da.