2022ko debut garrantzitsuenetako biren zuzendariez ari gara. Horren erakusgarri da Ruiz de Azuak Zuzendari Berri Onenaren saria jaso duela 2023ko Goya Sarietan, eta filma iazko abuztuan aukeratua izan zela aurretiko hautaketan Espainia ordezkatzeko Oskar sarien 95. edizioan. Gainera, ‘Cinco Lobitos’ filmak Espainiako Film Onenaren Urrezko Biznaga saria jaso zuen Malagako 2022ko Jaialdian. Ekitaldi horretan bertan ere zuzendariak Emakumeen Interpretazio Onenaren Zilarrezko Biznaga saria eta ikusleen saria jaso zituen. Ruiz de Azúaren palmaresean, halaber, nabarmentzekoa da film baten Gidoi Onenaren 2023ko Feroz Saria.
Bestalde, Cerditak, Carlota Peredaren bigarren film laburrak, Film Labur Onenaren Goya saria lortu zuen 2019an. Urtebete geroago, eta izandako arrakastari esker, film laburra pelikula bihurtu zen, eta azken Goya sarietan sei izendapen jaso zituen, besteak beste, zuzendari berri onenarena eta gidoi egokitu onenarena.
Zikloaren bigarren edizioa
Hilaren 9ko saioa "Zinemagileen arteko elkarrizketak" zikloaren bigarren edizioaren barruan egingo da, hain zuzen ere lehenengo edizioaren arrakastaren ondoren antolatutakoan. Ikasleei eta zinemazaleei zuzendutako programa bat da, eta sektoreko profesionalek ematen dute. Antolatzaileak Kultura departamentua, Donostia Zinemaldiko Z365 eremua eta Elías Querejeta Zine Eskola dira.
Ekimenaren bidez, film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaini nahi zaizkie zinemazaleei. Horretarako, ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ zinemagintzaren intrahistoria azaltzen du, elkarrizketa-formatu atsegin batean, eta elkarrizketa guztien erdigunean kokatzen da zinemagintza lanbide kolektibotzat jotzen duen ideia. Hori dela eta, zinemagile bakoitzarekin batera parte hartuko dute hainbat arlotan (muntaia, interpretazioa, gidoia, ekoizpena) lankide izan dituzten pertsonetako batzu-k, edo belaunaldia, abiapuntua edo kezka formalak eta tematikoak partekatzen dituzten beste zinemagile batzuk.
Beste hiru elkarrizketa
Alauda Ruiz de Azúa eta Carlota Peredaren arteko elkarrizketaz gain, beste hiru topaketa aurreikusten dira bigarren edizio honetan. Apirilaren 13an, Alberto Rodríguez zuzendariaren eta Rafael Cobos gidoilariaren arteko elkarrizketa izango da. Gidoia ere maiatzaren 4ko elkarrizketaren erdigunean egongo da, Belén Funesekin egingo den saioan, eta urrezko amaiera Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek emango diote, maiatzaren 26an.
Saio guztiak irekiak eta doakoak izango dira, eta 19:00etan hasiko dira. Gainera, zuzenean emango dira web orriaren bidez.