BBK Salak beharrean jarraitzen du bere kultura-eskaintza handitzeko eta pandemiaren agerpenak ekarri zuen jarduera-beherakada, pixkanaka, atzean uzteko. Kalitate egiaztatua duten askotariko proposamen eszenikoz beterik datoz martxoa eta apirila, musika- eta antzerki-ziklo berriak ere martxan jarriko dira eta.
Musikaren atalean, Mikel Erentxunek emango dio hasiera normaltasun-fase berriari, eta ondoren Chica Sobresalto (martxoaren 6an), Natalia Lacunza (apirilaren 24an) eta Willis Drummond (maiatzaren 8an) arituko dira BBK Gertutik zikloaren barruan. Bestalde, Gatibu (martxoaren 13an, bi emanaldirekin) eta Rayden (martxoaren 28an) izango dira BBK ON STAGE zikloari hasiera emango diotenak.
Kai Nakai + Mad Muasel (martxoaren 14an), Melanas + Arima (martxoaren 21ean), Ana Curra + Seda (apirilaren 18an) izango dira, besteak beste, emakumezkoek egindako Rabba Rabba Girls zikloan eta beraien emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu. Azken batean, gaur
egungo artistekin egindako proposamen-multzoa da, ikus-entzule gazteagoak erakarri gura dituena.
Aurtengo programazioaren berrikuntzen artean, BBK Salak berton presentzia txikiagoa, baina bizkaitarren artean tiradizo handia, duten beste arte eszeniko batzuk sartzea du helburu, antzerkia edo dantza, adibidez. Horrela, sari asko jaso dituen A.K.A.k (emanaldi bikoitzarekin martxoaren 26an eta 27an) ─urteko antzerki-fenomenoetako bat izan da, Max, Butaca eta Kritikaren Sariak irabazitakoa─ berretsiko du zergatik izan duen benetako arrakasta publikoaren eta kritikaren artean. Daniel J. Meyerrek idatzi eta Montse Rodriguezek zuzendutako muntaiak erritmo bizi-bizia du arrazakeria, identitate, sare sozial eta lagunen eta lehen maitasunaren garrantziaren inguruan.
Bilbo