Espainierazko rap eszenan norgehiagoka liriko eta estetikoren bat baino gehiago piztu da gizonezko abeslarien artean oilar nagusia zein den erabakitzeko, baina emakume batek ere ez dio itzalik egin Mala Rodriguezi duela 13 urte 'Lujo Ibérico'-rekin merkatua astindu zuenetik. Gaur egun ere, dirudienez, inork ez ditu berak bezala lantzen hitzak, inork ez du irudi iradokitzaile eta probokatzaileagorik, eta inor ez da bera baino harroputzagoa hip hop eremuan.
Flamenko kutsua, soul zertzeladak, 'erambi'-a, 'reggaeton'-a. arabiar soinuak...Nahasketa, eta eraginak fusionatzeko eta bereganatzeko gaitasuna bereizgarri ditu 'Bruja' bosgarren albumean, betikoa ez eskaintzearren, reggae-ra, dub-era eta jamaikar soinuetara jo duen andaluziar artistak. Rapsuskleik, Sefyuk eta Canserberok lagundu diote estudioan. Ez ditu alboan izango zuzenekoetan, baina Malak ez du laguntzarik behar eszenatokia betetzeko generoaren berezko harrokeria eta esplizitutasunarekin.