Belaunaldiz belaunaldi, oso gutxi dira generoen mugak gainditzen dituzten musikariak. Joera berrien abiapuntu, bidegurutze eta azken geltoki bihurtu ohi dira, beste batzuek jorra ditzaten aurrerantzean. Horien artekoa dugu Al Di Meola.
1954an jaiotako gitarra-jotzaile estatubatuar hau jazz eta munduko musiken arteko fusioaren giltzarrizko instrumentista izan da, eta halakotzat izkribatu da bere izena musika modernoaren historian. Halaxe jokatu zuen karreraren hasieran Chick Corearekin batera, Return Forever-eko kidea zenean; eta bakarka jarraitu zuen gerora disko gogoangarriak plazaratuz, hala nola, ‘The Guitar Trio’ (Paco de Lucía eta John McLaughlin-ekin grabatutakoa) edo ‘Di Meola plays Piazzolla’.
Bost urteko etenaren ondoren, estudiora itzuli eta ‘Pursuit of Radical Rhapsody’ kaleratu zuen 2011n, momentuz bere karrerako azken bitxia, ‘Paramour's Lullaby’ bezalako kantu propioak eta ‘Strawberry Fields’ eta ‘Somewhere over the rainbow’ gisako klasikoen moldaketa pertsonalak biltzen dituena.