Los Coronas, 1991tik David Krahe eta Fernando Pardo Sex Museumeko gitarrajolea buru dituen taldea, Espainian egindako surf & rollaren erakusgarri gorena eta ezinbesteko erreferentzia bilakatu da. Bere gustu onaz, instrumentuekin duen trebetasunaz eta oholtza gainean erakusten duen adostasunaz zur eta lur uzten du edonor, Sony Music barne.
'Rockaway surfers' dugu talde madrildarrak multinazionalarekin egindako estreinako lanaren abiapuntua. Zortzigarren lan hau Tucson-en grabatu dute, Craig Schumacher-ek koproduzituta (Calexico, The Sadies, Gian Sand...). Albumak, 'Adiós Sancho' izenburuaz, jarraipen bikaina eman dio orain arteko legatuari, Dick Dalerekin zorretan eta surf musikako osagaiak, muga giroko oihartzunak eta rock and roll onarekiko zaletasuna uztartuz garatu duten errepertorio instrumentalari. Ideia txarra izan ohi da Los Coronasen kontzertura ez joatea. Esku artean darabilten estiloaz, eklektizismoa eta ausardia oinarri, errepikatik eta monotoniatik aldendu dira.