MUSIKA
Ane Pikaza
Photo: Ane Pikaza
Testua: Durangoko Azoka

DURANGOKO AZOKA
Gerediaga Elkartea
DURANGOKO AZOKA (DA!)
Denda birtuala eta ekitaldi presentzialak izango ditu Durangoko Azokak
2020-10-09
Durangoko Azokaren 55. edizioa osasun arauetara egokituko da, beraz, ez da saltoki presentzialik egongo Durangoko Landako Gunea aretoan. Produktu guztiak denda birtualaren bidez erosi ahal izango dira. Programazio presentziala Landako Gunean eta Plateruena Kafe Antzokian egingo dute. Aurtengo kartelaren egilea Ane Pikaza antzezle eta ilustratzaile bilbotarra da. Haren hitzetan, "kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena".

La 55 edición de la Azoka se adaptará a las normas sanitarias, por lo que no habrá puestos de venta presenciales en el recinto de Landako Gunea de Durango.  Todos los productos se podrán adquirir a través de una tienda virtual. La programación presencial se celebrará en el propio Landako Gunea y en Plateruena Kafe Antzokia. La autora del cartel, la actriz e ilustradora Ane Pikaza, ha querido reflejar que que "hasta en las situaciones más difíciles, la cultura consigue florecer”.

 

Ez-ohikoa izango da aurtengo Durangoko Azoka. Edizio honetako nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur Azokako antolakuntzak, kulturaren plaza osatzen duten erakunde eta eragileen ordezkaritza zabalarekin egindako prentsaurrekoan, Plateruena Kafe Antzokian. Bertan azaldu den bezala, berritasun ugari izango ditu kulturaren plazak, osasun-egoerak baldintzatuta.

Aldaketa nagusia erakusmahaiekin lotuta egongo da: aurten ez da stand-ik egongo Landako Gunean. Horren ordez, Durangoko Azokako webgunean denda birtuala sortuko da estreinakoz eta azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte. Landakon egon ohi diren liburu, disko, ikus-entzunezko eta gainontzeko sormen-lanak eskuragarri egongo dira Azokako web orrian: klik egin eta aukeratutako DA! produktu-sorta jasoko du kulturzaleak bere etxean. Hori izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurtengo edizioan.

Egitarauak ere, bere aldetik, aldaketa nabarmena izango du. Azokak espazio bi izango ditu bost egun horietan (Landako Gunea eta Plateruena) eta bertan diziplina ezberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak... Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da. Azaroan jakinaraziko da zein den Azokako egitaraua eta orduan irekiko da sarrerak eskuratzeko epea publikoarentzat, doan.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu duenez, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, eta horregatik erabaki da azkenean denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitaraua presentziala mantentzea, aforo mugatuarekin. “Hamaika egoera posible aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo edizioa bertan behera uztea. Baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka; sortzaileek behar dutela plaza; argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa; eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.

Mujikak gogoratu duenez, Azokako salmentak argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia du (Siadecok egindako ikerketaren arabera, %22koa da batez beste), eta, beraz, “inoiz baino garrantzitsuagoa da plaza hau eskaintzea”.

“TaupaDA!” lelopean, Azoka abenduaren 4tik 8ra arte antolatuko da, hots, hasieran aurreikusitakoa baino egun bat gehiago izango du. Horren arrazoi nagusia Ikasle Goizaren aldeko apustua da: presentzialki egingo ez bada ere, ikasleek birtualki hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute abenduaren 4ko goizean.

Azokan parte hartzeko izen-emateei dagokionez, gaur bertan, urriak 8, ireki da epea parte-hatzaileentzat, www.durangokoazoka.eus web orrian egongo den denda birtualean euren produktuak eskuragarri egon daitezen. Izen-ematea doakoa izango da eta Gerediagako presidentearen hitzetan, “euskal kulturaren erakusleiho erraldoi honetan sortzaile guztientzat egongo da lekua, txiki zein handi, guztiek espazio bera izango dute”. Azokak salmenten %12 jasoko du, kudeaketa eta logistika gastuei aurre egin ahal izateko.

Nerea Mujikak nabarmendu duenez, Durangoko Azokak erronka handia du aurrez aurre: “Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari”. Azokako antolakuntzarentzat, ezinbestekoa izango da denon indarra eta konpromisoa Azoka arraskatatsua antolatzeko: erakundeak, herri-mugimendua, sortzaileak, banatzaileak… eta baita kulturzaleena ere: “Dei egiten diegu kulturzaleei Azokaz beste modu batera gozatzeko: online denda kuxkuxeatzeko, streaming bidez ekitaldiak jarraitzeko, klik egin eta gustoko liburu edo diska eskuratzeko... 2020ko Durangoko Azoka izan dadila arnasa kultur sektorearentzat. Entzun daitezela ozen, Durangon, Euskal Herriko etxeetan eta munduan guztion bihotzetako taupaDAk!”.

Durangoko Azoka berrasmatzeko erabakia partekatua izan da Azoka osatzen duten eragile, babesle eta parte-hartzaileekin. Horren islada izan da gaurko prentsaurrekoan parte hartu duen ordezkaritza zabalak. Gerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera, bertan egon dira Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria) eta Mikel Arregi (Nafarroako Euskarabideako zuzendari kudeatzailea).

EEE Euskal Editoreen Elkarteko Jose Mari Sors eta Musika Industria Elkarteko Aitor Bengoetxea ere prentsaurrekoan egon dira, Azokako guneetako ordezkariekin batera. Horrez gain, Azokako babesle pribatuetako ordezkari nagusiek ere (BBK, Euskaltel, Eroski) parte hartu dute.

55. edizioko kartela, Ane Pikazaren eskutik

Gaurko prentsaurrekoan edizio honetako kartela ere aurkeztu da. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea (Bilbo, 1984) da aurtengo egilea, eta bertan kolorez jositako bihotz bat irudikatu du paisaia grisaren gainean, “TaupaDA!” leloa jarraituz: “Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena”.

Aitortu duenez, “inpresio handia” eragin zion Durangoko Azokako kartela egiteko eskaerak. “Urtero-urtero hurbildu izan naiz azokara ikusle, entzule eta irakurle moduan. Aurten, ordea,  handiagoa da erantzukizuna; Durangoko Azokak nigan sortzen duen emozioaren zati txiki bat zuei guztioi helarazten saiatu naiz”.

Kartelean Durangoko Azoka osatzen duten diziplina guztiak agertzen dira: literatura, musika, dantza, ikus-entzunezkoak… “Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori”.

Ane Pikazak hainbat ilustrazio lan egin ditu azken urteetan: antzezlanetako kartelak (Kabia taldeko "Alicia después de Alicia" edo Marie de Jongh taldearen "Estrella"), Vetusta Morla taldearen "Los ríos de Alice" diskoaren azala, Zinegoak jaialdiaren 2018. urteko edizioaren kartela eta abar. Aktore modura hainbat film eta antzezlanetan ere parte hartu du. Donostia Zinemaldian "Nora" bere azken lana aurkeztu berri du, eta filmaren hainbat ilustrazioren egilea ere bada.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
GEREDIAGA ELKARTEA
● Gazteek erantzun ona eman diote deialdiari. Aurrerantzean ere, euskal kulturaren transmisioan ekarpena egiten jarrait... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
248 stand izango ditugu Landako Gunean, 176 partehartzailerekin. Nobedadeen artean, 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldiz... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
Ruben Ramos diseinatzailea da 57. edizioko irudiaren egilea. Ilustratzaileak sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du ka... (gehiago irakurri)
(C) Txelu Angoitia
GEREDIAGA ELKARTEA
2020ko Durangoko Azokaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte antolatzaileek. "Normaltasun berrira" egokitutako edizioa izango da,... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
Durangoko Azokako antolakuntzak eta Gerediaga elkarteak oso balorazio positiboa egin dute Azokako 53. edizioari buruz: "Gure ... (gehiago irakurri)
Txelu Angoitia
GEREDIAGA ELKARTEA
"DA! asko dira" lelopean, 158 parte-hartzaile eta 439 nobedade egongo dira 53. edizioan: 304 liburu, 93 disko eta 18 aldizka... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
Sormenaren lurraldeak bizia hartu du bost egunez: askotarikoa sortzaileei dagokionez, kultur-lanak ugariak izan dira, gogoeta... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago