Durangoko Azokak 53. edizioko nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Hutsik agertu da Landako gunea gaurko aurkezpenean, baina abenduaren 5etik 9ra arte, nobedadez eta ekitaldiz lepo egongo da.
Gerediagako presidente Nerea Mujikak gogoratu duenez, aurtengo Azoka anitza izango da, azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren islada: "158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. Landako gunean 247 stand egongo dira eta horietan 439 nobedade aurkitu ahal izango ditugu: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko 1 eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez, eta 17 autoekoizle egongo dira bertan".
Mujikarekin batera, Azokako guneetako ordezkariek ere euren espazioaren egitaraua aurkeztu dute banan-banan: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena), Oihane Agirre (Azoka TB) eta Gorka Julio (Kabi@).
Aniztasuna izango da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko egitarauaren ezaugarri nagusietako bat, Gerediagako presidentearen hitzetan: "Azoka bizitzeko modu asko dago. Izan ere, batzuk sortuz eta besteak hartuz; izan kantu, poema, nobela, edo ilustrazio,... sormenez beteko da Durango! Bertan aurkitu, ikusi, entzun, ikutu eta sentituko ditugu azken asteetan aurkeztutako diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta emanaldiak".
Sortzaile berriei begira, Azokak ildo berria abiatu du aurten: Durangoko Azokako Sormen Beka. "Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza, hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Urtero emango dugun beka honen edizio honetako gaia literatura da. Irailean itxi zen lanak aurkezteko deialdia eta 28 lan jaso ditugu. Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru eta kalitatearekin. Azokan emango dugu irabazlearen berri, abenduaren 6an. 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko".
Aurtengo Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa izango da. Mujikak azpimarratu duenez, kopuru horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da: "Alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona".
Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbitea egin die azokazaleei. Autoz etorriko direnentzat, doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.