60 urte beteta, Thurston Moore-k (Florida, 1958) eutsi egiten dio sortzeko gaitasunari. Hala erakusten du ‘Rock n Roll Consciusness’ (2017) albumean, zuzeneko talde sendo baten (edo rock&roll makina esan beharko genuke) laguntzaz aurkezten ari den izenburu esanguratsuko bakarkako proiektuan. Sonic Youth-en garaiko atmosfera ilunak musikari historiko honen kezka politikoekin batera ageri dira taldearen errepertorioan, adibidez Donald Trump kritikatzen baitu ‘Mx Liberty’ (ez dago diskoan) kantuan, Stooges itxura duen rock eztanda gordina.
Tropical Fuck Storm Australiako rock harrobi agorrezinaren fruitua dugu, post-punka, blues-rocka, psikodelia eta esperimentazioa uztartzen dituen sorkuntza-big bang-a. ‘A Laughing Death in Meatspace’ (2018) aurkezten ari dira. Gainera, hiru neska eta mutil bat dira, eta mutilak abestu egiten du. Haiekin batera, Rockinbirds britainiarren gustu ona; country-aren iturrietatik edaten duen rock ona dakarte eta disko berria aurkezten ari dira.
The Llamps sailkaezinek bere proposamen eklektikoari leial jarraitzen diote. Katalanez, frantsesez eta ingelesez abesten dute, Kataluniatik eta mundu osoarentzat. Beste bi proposamen interesgarrik osatzen dute kartela: Dimi Dero Inc-en rock erritmiko eta gordinak; eta Mice-k, Miren Narbaizaren (Napoka Hiria, Perlak...) bakarkako proiektuak.