Loraldiak Loraldia Festibalaren 9. edizioaren balorazioa egin du. Bederatzigarren edizioaren aldarrikapena kultura mailua dela erakustea zen eta mailukada ederrak jaso eta eman ditugu. Balorazio positiboa egiten dugu arlo guztietan.
Ekinaldien kalitate artistiko maila handia azpimarratu nahi dugu. Kultur erreferente handiak izan ditugu edizio honetan eta une gogoangarriak bizi izan ditugu. Horiekin batera, sortzaile gazte eta hasi berriak, kalitate handiko proposamenekin, interesgarriak eta ekarpen handikoak.
Hiru astez, Bilbo euskaraz sortutako kultur adierazpenen erakusleiho handia bilakatu da. 14 gune ezberdinetan 150 artista baino gehiago pasatu dira Loraldiatik.
Loraldia sendotu da eta erreferente bilakatu da. Gizartea Loraldiaren zain dago eta festibalak ekarriko duenaren zain. Ikuslegoaren erantzuna aparta izan da eta zenbait ekintzetarako sarrerak iragarri orduko agortu egin dira. Loraldia festibalaren 9. edizioak 4207 lagun bildu ditu burututako 25 ekintza horietan, aretoen %77a betez.
Aipatzekoak aurtengo kultur eragile erreferenteak: Gabriel Aresti, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Benito Lertxundi, Ines Osinaga, Kukai, Castillo Suarez… Eta sortzaile gazteen harrobiaren indarra. Loraldia batean bizi gara: ErrE, Formol, Habia, Silitia,...
Zalantzarik gabe, euskarazko kultur sortzaileen belaunaldi berriak bide eta ikuspuntu berri bat egiteko eta erakusteko nahia dakar berarekin.
Loraldia Festibalaren 9. edizioaren datuak
Loraldia Festibalaren 9. edizioak 17 egunetan zehar 25 ikuskizun ezberdin eskaini ditu Bilboko 14 gune ezberdinetan.
Aurtengoan 150 artista baino gehiagok parte hartu du, sortzaile eta artista gazteen kopurua nabarmen gora egin duela. Erreferente handiak izan ditugu gurean eta baita sortzaile gazteak ere.
Ikusle kopuruari dagokionez, festibalak eskaini dituen 25 ekinaldi horietan 4.207 lagun bildu dira. Eta areto eta espazioen betetzea %77ekoa izan da.
Ezin ahaztu Loraldia festibalaren lagunen komunitatea, Lorazainak. Edizio honen bukaeran 2.220 lorazain ditugu, aurrekoan baino 269 gehiago.
Balorazio artistikoa
Kolosala izan da! Egundoko festibala plazaratu dugu 2023ko negu amaiera eta udaberri hasiera honetan. Ikusgarria, hunkigarria, berritzailea eta gogoangarria! Kalitate bikaineko sormenak ikusgai izan dira 17 egunetan. Euskal kultugintza loraldian dagoela esan dezakegu.
Aurreko bederatzi urteko lana nabaria da. Eskarmentua metatu dugu. Hainbat emanalditan ikuslez lepo. Inoiz baino ikusle gehiago. Teknikoki emanaldi guzti-guztiak bikain eszenaratu dira. Edizio biribila izan da bederatzigarrena.
Ikusle andanak eskertu du (hainbat aldiz zutik eta txalo zaparradarekin) gure iruditeria berriaren festa hau. Maiz hitzak labur geratu dira adierazteko edizio honetan bizi izan dugun esperientzia liluragarria.