“Erabaki gogorra da, asko kostatu zaigu hartzea, eta bide guztietatik saihesten ahalegindu garen arren, egungo egoerak ez digu beste aukerarik utzi. Leioa udalerri arduratsua da, eta beste ezeren gainetik pertsonen segurtasuna dago”, adierazi du Iban Rodríguez Etxebarria alkateak.
Hogei edizio jarraian egin ondoren, ekitaldi honen historian bertan behera utzi behar izan den lehen aldia da. “Aztertu ditugun aukera posible guztien artean, hau gogorrena baina errealena da. Jasaten ari garen pandemiaren eta ondorengo eraginen aurreko zalantzak ikusita, ezinezkoa da aurreko edizioetako bermeekin eta eraginkortasunarekin egitea” adierazi dute Umore Azoka Leioaren antolakuntzatik.
Horrela, Leioako Udaleko Kultura Sailak gogorarazi duenez, martxoaren erdialdetik indarrean dauden neurriek aurretik ere eragina izan dute konpainien mugikortasunean eta prestakuntza lanetan. “25 estreinaldi zeuden aurreikusita, eta konpainiek zailtasun handiak izan dituzte euren sorkuntza lan berriak aurkezteko. Gainera, horietako askok behar logistikoak zituzten, estrukturak, eszenografiak, entseguak, etab., eta une honetan horiek guztiak kudeatzea oso zaila zen jadanik”.
Oinarrizko zerbitzuak bermatzeko zailtasunak
Abagune horiei guztiei, ekitaldiaren antolakuntzarentzat oinarrizkoak diren zenbait zerbitzuren egoera nahasia gehitu behar zaio, ostatuak, jatetxeak, estrukturak… Horiek guztiak ezinbestekoak dira azokak behar bezala funtzionatzeko, eta une honetan ez dira erabilgarriak.
Egoera horren aurrean, Leioako Udalak esker ona erakutsi gura izan die Umore Azokako taldeari eta inplikatutako Kaleko Arte Konpainia guztiei, udalerriaren bizitza kulturalean eta arte eszenikoetan erreferente gisa finkatu den ekimena aurrera eramaten saiatzeko egindako lan handiarengatik. Halaber, benetan sentitzen du egungo egoera modu berezian jasaten ari den sektorean, Kaleko Arteetan, erabaki horrek eragin dezakeen kaltea, baina argi eta garbi adierazi gura du Umore Azoka Leioaren etorkizunarekin duen konpromisoa.