“Lau urte eta gero, Dantzerti errealitate bat da eta aukera bat dantza eta arte dramatikoko goi mailako ikasketak bete nahi dituen ororentzat”, laburbildu du Eskolako zuzendari Igor Razkinek. Bertako ikasgeletatik irtendako lehen dantzari eta antzezle promozioak aurten jasoko ditu tituluak; hala, ziklo garrantzitsua itxiko da asmo handiko proiektu honentzat. “Goi mailako tituludunak izango dira eta arlo profesionalean lan egiteko formakuntza oparoa jaso dute aktore-aktoresa, antzezle, dantzari, sortzaile, irakasl edota ikertzaile lanetan aritzeko. Bakoitzak bere bidea jorratu beharko du baina argi dago, gizarterako hain beharrezkoa den artea eta kultura sustatzeko ezinbestekoak izango direla”, erantsi du.
Behin eskolaren proiektua finkatuta, Dantzertik ateak irekiko dizkie maiatzaren 6an goizeko bederatzietatik hamaiketara, bere formakuntza eskaintzaren berri izan nahi duten guztiei. Egun horretan eskolak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa emango diete etorkizuneko ikasleei. “Eskolak dituen espazio ezberdinak ikusteko aukera egongo da eta dantzako eta arte dramatikoko hainbat gela ere irekiko dira edonork ikus dezan nolakoak diren eskaintzen ditugun ikasketak”, bukatu du.