2018/19 ikasturtea berezia izango da Dantzertirentzat, haren bukaeran titulua jasoko baitute eskolako lehen promozioko ikasleek. Haien bidetik jarraitu nahi dutenek maiatzaren 25era arte izango dute izena emateko epea, bai arte eszenikoetan eta bai dantzan. Ikasle-kopuru mugatua izanik, ekainean egingo diren sarbide-proba gainditu beharko dute.
“Gurekin ikasi nahi duten gero eta profesional gehiago hurbiltzen zaizkigu”, azaldu du Dantzertiko zuzendari Ekaitz Gonzalez Urretxuk, pozik finkatu ez ezik etengabeko bilakaeran ikusten duelako eskola. Horretarako berebiziko garrantzia izan dute irakasle gonbidatuek, nazioartek ospea duten profesionalek. Horien artean honako hauek aipa daitezke: Carmen Werner (dantza), Fabio Mangolini (artearen komedia, Victoria Miranda (sorkuntza-tailerra), Mikel Rueda (kamera aurreko interpretazioa) eta David Hornback (argazkilaritzako Pullitzer sariduna).
Dantzertiko ikasleek hainbat sorkuntza tailer eta laborategitan parte hartzeko aukera izan dute, EIOrekin (Euskadiko Ikasleen Orkestra) eta EOSekin (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) elkarlanean. Orain, ateak zabalik daude eszenaren euskal unibertsitatean sartu nahi dutenentzat.