Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak prentsaurrekoa egin dute , 2021-2022 denboraldiaren eduki nagusien berri emateko; zehazki, azarotik aurrera (dagoeneko badakigu urrira arte zein ikuskizun egongo diren), eta datorren urteko martxora arte eskainiko diren ikuskizunen berri emateko. Aurrerago jakinaraziko da denboraldiko azken hiruhilekoan, 2022ko apiriletik ekainera, zer ikuskizun egongo diren.
Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, Arriaga Antzokia "bizirik dagoen antzokia da, dinamikoa, sortzailea, plurala, modernoa eta zorrotza… tokiko eta nazioarteko izaera duena". Ildo horretan, zera azpimarratu du: "harrobiaren aldeko apustua egitea, eta tokiko eszena eta euskara bultzatzea Calixtok eta biok dugun konpromisoa da. Gauza jakina da Bilboko, Bizkaiko eta Euskadi osoko artista eta sortzaileekin konplizitatea dagoela, eta Udaletik lanean jarraituko dugu bertako talentua babestu eta mantentzeko, ehun kulturala indartzeko eta made in Bilbao sormena mundura esportatzeko. Arriaga Antzokiaren zeregina funtsezkoa da, eta gogoan dugu gure nahia: antzokia estatuko eta nazioarteko sorkuntza artistikorako gune handienen artean kokatzea".
Calixto Bieito, bestalde, "harro" agertu da "Arriaga Antzokia bezalako proiektu baten buru izateagatik, batez ere bizi dugun garai historiko honetan, zeinetan Kultura, sormena eta artistikoki adierazteko beharra guztiz oinarrizkoak diren". Bieito nazioartean ospe handia duen eszena-zuzendaria da, eta hainbat errealitate kultural eta linguistikorekin lan egin du bere ibilbidean zehar. Horrek Bilbon oso errotua dagoen artearen ikuspegia ematen dio eta, aldi berean, Europako panoraman gertatzen denaren ikuspegi globala. Bere ustez, "pixkanaka erritmoa berreskuratzen ari garela dirudien honetan, Arriaga Antzokiari bultzada artistiko bat emateko unea da, bertako artistekin proiektuetan sakontzen jarraitzeko, euskara bultzatzeko eta beste leku batzuetara eramateko, zergatik ez? Hegaldia hasi besterik ez da egin, eta programazio berri hau eta, bereziki, garatzen ari garen ekoizpen propioko ikuskizunak norabide horretan doaz".
Hain zuzen ere, Arriaga Antzokiak ekoizpen propioaren alorrean egindako lana nabarmendu behar da: datozen hilabeteetan hainbat fruitu emango ditu, ikuskizun moduan, Calixto Bieitok berak zuzendutako antzerki proiektu garrantzitsu bat barne, zeinaren bitartez William Shakespeareen tragedia historikoak oholtza gainean jarriko diren. Obraren izenburua Erresuma/Kingdom/Reino da, eta euskaraz (2022ko otsailaren 10etik 13ra) zein gaztelaniaz (otsailaren 17tik 27ra) estreinatuko da. Ikuskizun honen erreferentziak Rikardo II.aren, Henrike IV.aren, Henrike V.aren, Henrike VI.aren eta Rikardo III.aren drama historikoak dira, eta euskarazko bertsioan interes erantsiko elementuak ditu, Bernardo Atxaga arduratu baita duela urte asko Larrakoetxeak egin zuen euskarazko itzulpenaren egokitzapen poetikoaz, hainbat arrazoirengatik erabat estalita egon ondoren.
Lehenago, 2021eko abenduaren 22an, Calixto Bieitok beste proposamen bat ere zuzenduko du eta Bilboko ikusleei musika erlijiosoaren harribitxietako bat oparituko die: Johann Sebastian Bach paregabearen Gabonetako Oratorioa. Arriaga Antzokiak ekoitzitako ikuskizun horren zuzendari musikala Diego Martín-Etxeberria izango da, gure zuzendari nazioartekoenetako bat, eta ahots bakarlariek interpretatuko dute, Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera.
Arriaga zigilua duen eta Calixto Bieitok sinatutako beste proiektu interesgarri bat martxoan ikusiko dugu, hilaren 19an hain zuzen ere, eta Luis Mariano tenore handia izango du ardatz. Luis Mariano. Sin fronteras. Canciones e imágenes para el reencuentro, izenburuarekin, Bieitok haren bizitzaren eta obraren ibilbide emozionala proposatuko du ikuskizun musikal honetan, hainbat elementu bisualen eta irudiren laguntzarekin. Luis Mariano jatorriz irundarra zen, eta beti bizi izan zen mugaren bi aldeen artean. Hori baliatuz, ikuskizunak mugaren kontzeptu horrekin eta dakartzan konnotazioekin jolastuko du —elkartzen eta banatzen duen elementua baita—, eta baita gertu eta aldi berean hain urrun dagoen anaia irrikatuaren pertzepzioarekin, besteak beste. Musika emozioen transmisore gisa agertuko zaigu beti, eta Ismael Jordi tenoreak Luis Marianorena egingo du, Rubén Fdez Aguirre pianoan lagun duela.
Gainera, Arriaga Antzokiak beste antzerki proiektu batzuetan parte hartzen jarraituko du, laguntzaile edo koproduktore gisa. Horren adibide dira, Valle-Inclánen Luces de Bohemia, P6k bultzatutakoa eta Ramón Bareak zuzendutakoa (abenduaren 17an eta 18an); Hika Teatroa konpainiaren La Tarara, (urtarrilaren 27an euskaraz, 28an eta 29an gaztelaniaz; azken bertsio hori, gainera, Arriagan estreinatuko da); edo Naiel Ibarrola (zuzendaritza artistikoa), Martín Ibarrola (gidoia) eta Roberto San Sebastiánen (ikus-entzunezko zuzendarikidea) proposamena, La cazadora de mitos izenekoa: antzerkia, zinema, musika eta animazioa uztartzen dituen ikuskizuna da, eta Arriaga Antzokian estreinatuko da, 2022ko martxoaren 30ean eta 31n.
Halaber, Arriagak Bilbaína Jazz Clubek antolatutako "BJC Arriagan" zikloan parte hartuko du. Zikloan mailarik handieneko kontzertuak eskaintzen jarraituko du, esaterako, Black Art Jazz Collective (azaroaren 16an) edo Marcos Varelarenak (abenduaren 14an); edo OLBEren Opera Txiki zikloan, Guillermo Tell (2022ko urtarrilaren 3tik 5era) eta Bost axola bemola (martxoaren 12tik 14ra) ikuskizunekin.
Eusko labela duten estreinaldiak
Aurten ere, Arriaga Antzokia euskal kulturaren epizentro bihurtzen da, Euskadin eratutako lanen estreinaldi garrantzitsuak biltzen baititu. Arriagaren ekoizpen propioez gain, datozen hilabeteetan, hainbat proiekturen lehen antzezpenak izango ditugu agertoki honetan. Urriaren amaieran euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahal izango den Altsasuz gain, beste estreinaldi bat egingo da bi hizkuntzetan, azaroaren 10ean eta 11n, David Cuiñaren Fake, begiari tranpa edo tranpantojo, Gorka Mínguezen zuzendaritzapean. Eta 2022ko lehen hiruhilekoan, konpainia batzuen lan berriak izango ditugu Arriagan, besteak beste, Tanttakarena (Semea pixka bat motelago dabil soilik/Mi hijo sólo camina un poco más lento, urtarrilaren 14tik 16ra), dagoeneko aipatu dugun Hika Teatroarena eta Tartean Teatroarena, Alderray. Tranperoa, pertsonen ehiztaria obraren estreinaldiarekin, martxoaren 9an eta 10ean.
Arriagan izango ditugun ikuskizunen artean, Euskadin eratutako beste antzerki proposamen batzuk ere badaude, hemen estreinatuko ez direnak, adibidez: Marie de Jongh konpainiak helduentzat egin duen lehen ikuskizuna aurkeztuko du, Ama izenekoa, martxoaren 5ean eta 6an, eta Khea Ziater konpainiak Winona & Grace antzeztuko du martxoaren 22an eta 23an.
Maila handieneko antzerkia
Denboraldi honetan ere, Arriaga Antzokiak estatu mailan egiten ari diren obra interesgarrienetako batzuk ekarriko ditu Bilbora. Bada, azaroaren 4an, Yo soy el que soy obraren emanaldi bat programatu da, Aaron Leeren autobiografian oinarritutako antzezlanarena, biolinistaren beraren parte hartzearekin. Azaroaren 5ean eta 6an, 23F, Anatomia de un instante ikusi ahal izango dugu, Javier Cercas eta Àlex Rigolarena, Rigolak berak zuzendutakoa. Abenduan, Luces de bohemiaz gain, Emilia Pardo Bazánen Los pazos de Ulloa ikusi ahal izango dugu, 3tik 5era, Pere Ponce, Marcial Álvarez eta Diana Palazón paper nagusietan ari direla Helena Pimentaren zuzendaritzapean.
Gainera, Arriaga Antzokiak bi Shock ikuskizun ikusteko aukera emango du, Shock 1 (El condor y el puma) eta Shock 2 (La tormenta y la guerra) eskainiz. Bi ikuskizun horiek arrakasta handia izan dute Madrilen eta, elkarren osagarri izan arren, ongi funtzionatzen dute bakoitzak bere aldetik ere. Abenduaren 9rako eta 11rako Shock 1 programatu da, eta 10erako eta 12rako Shock 2. Bi obren testua Andrés Limak, Albert Boronatek, Juan Cavestanyk eta Juan Mayorgak sinatu dute; eta, bietan, Andres Lima da zuzendaria.
Urtarrilean, Gabonetatik bueltan, 7tik 9ra, txinatar antzerkia iritsiko da Manolita Chenekin.José Troncosok sinatu eta zuzendutako antzezlan honek Manolita Chen mitikoa erreibindikatu eta berpiztu egiten du, Pepa Zaragoza obrako aktore nagusiaren jatorrizko ideia batean oinarrituz. Urtarrilean bertan, 18an, Bea Insak Contado por ellas izeneko bere obra antzeztuko du: Gerra Zibila, gerraostea eta frankismoa bizi izan zituzten emakumeei egindako omenaldi bat da.
Martxoaren hasieran, 3an, Silencioren emanaldi bat izango dugu. Juan Mayorgaren lan oso pertsonala da, izan ere, hura egiteko ideia Espainiako Errege Akademian sartzeko hitzaldia ematen ari zela bururatu baitzitzaion, antzerkiari buruzko diskurtso hura bera antzerki bihur zitekeela pentsatu zuenean, hau da, espazioan eta denboran izandako esperientzia poetiko bihur zitekeela, eta hori mamitzeko aktorerik aproposena Blanca Portillo zela pentsatu zuen.
Bi aste geroago, 2022ko martxoaren 17an, Arriagak A Coruñako Tabako fabriketako emakume langileen borroka oholtzaratuko du, Emilia Pardo Bazánen "La tribuna" eleberrian oinarritutako Cigarrerasi esker. Egokitzapena Cándido Pazok egin du, zuzendaritza lanekin batera. Jatorrizko bertsioa galizieraz gauzatu ondoren, orain gaztelaniaz prestatu du eta horrela iritsiko zaigu gurera.
Martxoaren 26an eta 27an Maru Valdiviesok eta Pedro Casablancek Decadencia antzeztuko dute, Benjamín Pradok egokitutako Steven Berkoffen testua. Mario Gasek zuzentzen du gure gizarteek atetik barrura ezkutatzen dutenari eta pairatzen ditugun gaixotasun moralei erreparatzen dien obra hau.
Has dadila musika
Kontzertuen atalean, maila goreneko nazioarteko artistak protagonista dituzten hitzordu musikal lirikoak eta/edo klasikoak daude. Adibidez, Joyce DiDonato mezzosoprano estatubatuarra, munduko abeslari lirikorik onenetarikoa, azaroaren 1ean Arriaga Antzokian arituko dena Craig Terry pianistarekin batera. Elkarrekin, musikaren historiako kantu ziklo handienetako bat interpretatuko dute, Schuberten Winterreisen (Neguko bidaia) hain zuzen, lan samin eta tragikoa.
Geroxeago, Noa abeslari israeldarra kontzertuan ikusteko aukera izango dugu. Bere mundua Johann Sebastian Bach-enarekin lotu du Letters to Bach izeneko proiektuan, eta, azkenean, Arriagako agertokian aurkeztuko du azaroaren 15ean (konfinamenduaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zen kontzertuetako bat izan zen berea, 2020ko apirilaren 1erako aurreikusita baitzegoen).
Abenduaren 16an, Philippe Jaroussky kontratenorea Arriagara itzuliko da, 2019an arrakasta handia izan ondoren, Thibaut Garcia gitarristarekin batera proiektu oso berezi bat eskaintzeko. Gitarrak eta bere arbasoek, lauteak edo tiorbak, ahotsaren inguruan ehundura erudituak eratu zituzten, eta mendeetan zehar nagusi izan ziren areto aristokratikoetan, melodian pentsatzean pianoa burura etortzen zaigun arren. Horregatik, Jarousskyk eta Garciak hari-instrumentu hori aldarrikatzen dute kontzertu honetan, eta birtuosismoz eta sentimenduz interpretatuko dituzte Dowland, Purcell, Giordani, Donizetti, Rossini, Britten edo Granadosen konposizioak, besteak beste.
Egutegian musika onaren zaleei atsegin emango dioten emanaldi gehiago daude. Azaroaren 21ean, Stabat Materen indarra sentitu ahal izango dugu, Dvořák-en konposizio ederrenetarikoa, XIX. mendeko obra koral nagusietako bat dena. Lau ahots bakarlarik, Donostiako Orfeoiak eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak, interpretatuko dute maisulan hori, José Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Hiru egun geroago, azaroaren 24an, Tetraphilla Ensemble taldeak ibilbide musikal bikain eta zirraragarria eskainiko du Ignazio Loiolakoaren (1491-1556) bizitzan zehar.
Abenduaren 2an, Arriaga Antzokian Emilio Arrietaren omenezko kontzertua egongo da. Sabina Puértolas sopranoak eta Ruben Fdez. Aguirre pianistak oinarrizko egile haren irudia eta legatua erreibindikatzen dituzte.
Gabonetan, abenduaren 29an, Hurkus & Laika: bi istorio eskainiko dugu. Familiei zuzendutako ikuskizun zoragarri hau euskaraz izango da. Kontzertu baten eta ipuin kontalari baten artean dabil, eta koru baten eta musikaren laguntzarekin kontatutako bi istorioz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Azken batean, musikaren eta hitzen edertasunaz modu dibertigarrian gozatzeko aukera paregabea dugu, bi ipuin musikal hauei esker. Musika eta zuzendaritza David Azurzarenak dira eta Kuraia Ensemblek eta Gernikako Gaudeamus koralak interpretatuko dute. Testuak Joxemari Iturralderenak (Hurkus) eta Bernardo Atxagarenak dira, Joxemari Iturralderen beraren itzulpenarekin (Laika). Andoni Aleman eta Miren Lourdes Mitxelena izango dira narratzaileak.
2022an jada, martxoaren 7an, kontzertu bat egongo da foyerrean, Emma Chacón (1886-1972) konpositore handiaren obra aparta erreibindikatzeko, paradoxikoki ez baita oso ezaguna. Ekimena Susana García de Salazar pianistarena da, haren heriotzaren 50. urteurrenaren efemeridea aprobetxatuz sortutakoa. Handik gutxira, martxoaren 24an, La ritirata taldeak hain gutxitan programatzen diren Bachen bi, hiru eta lau klabeentzako kontzertuak dastatzeko aukera paregabea eskainiko digu. Klabezin-jotzaileen laukotea aparta da: Pierre Hantaï musikari frantses mitikoa eta, harekin batera, gure inguruko klabezinista aipagarrienak izan daitezkeenak arituko dira, hau da, Diego Ares, Ignacio Prego eta Daniel Oyarzabal, Hantaï beraren ikaslea. Haiekin, Josetxu Obregón biolontxeloarekin laguntzen eta zuzendaritza musikalean.
Halaber, kontzertuen atala zabala eta askotarikoa izango da urte amaierara arte, Toundrarekin hasita. Azaroaren 14an, El gabinete del doctor Caligariren soinu-banda eskainiko dute, eta, horrela, aurtengo urtarrilean bertan behera utzi behar izan zen emanaldia berreskuratuko dute, taldeak ezin izan baitzuen bidaiatu, Madrilen eta Espainiako zati handi batean izandako elurte handien ondorioz. Ondoren, Ismael Serrano (azaroak 18), Morgan (azaroak 28), Mariza (abenduak 1), Harlem Gospel Choir (abenduak 6) eta Ruper Ordorika (abenduak 30) iritsiko dira.
Dantza eta bestelako ikuskizunak
Dantzak protagonismo handia edukiko du azaroko lehen astetik aurrera. Hilaren 3an, Krego-Martín Danza konpainiak Charadas ikuskizuna eskainiko du, antzerkitik ere asko duen dantza ikuskizuna. Eta aste horren amaieran, azaroaren 7an, igandean, gure artistarik nazioartekoena itzuliko da Arriagara: Lucía Lacarra. Ikusleriak oholtza gainean duen dotoretasunaz gozatu ahal izango du berriz, beste behin ere Mathew Golding lagun duela. Elkarrekin In the still of the night proposatzen digute, non dantzarik garbienaren eta gogoeta zinematografikoaren bidez, kontakizun eder batean murgilduko gaituzten, 60ko hamarkadako musikaz jantzita eta hamarkada hartako estetikan oinarritutako jantziekin. Arriaga Antzokian izango da ikuskizun honen estatu mailako estreinaldia.
Dantza ikuskizun jakin batzuk programatzea pixkanaka "normaltasunera" gerturatzen ari garenaren sinbolo dela esan daiteke. Lehenik eta behin, pandemiatik eratorritako murrizketen ondorioz, bere garaian aurreikusitako ikuskizuna prestatu ezin izan zuten taldeak ikusi ahal izango ditugulako, Ballets Olaeta kasu, azaroaren 13an Suare pieza berria antzeztuko baitute, Ama Lurra, bere errepertorioko klasikoarekin batera. Eta, bestalde, nazioarteko dantza talde gehiago ditugulako programazioan. Datozen hilabeteetan, mundu mailan puntakoak diren hainbat talde etorriko dira gurera. Lehenengoa Acosta Danza izango da (azaroak 26 eta 27). Carlos Acosta koreografo kubatarra buru duen talde bikaina da, balletean, dantza garaikidean eta folklorean eskarmentu handia duena. Eta luxu erantsiko bi emanaldi izango ditugu: Carlos Acostak berak saioa osatzen duten koreografietako bana dantzatuko du gauero.
Gabonetan, abenduaren 26tik 28ra, Mayumanak Currents aurkeztuko du, bere azken lan zirraragarria, zeinetan dantza eta perkusio hutsezko bidaia batean aurrez aurre dauden bi sektore erakusten baititu. Eta urtarrilean, 21etik 23ra, Les 7 Doigts Kanadako konpainia ospetsuaren proposamen berria izango dugu gurean, zirkua eta dantza maila handiz uztartzen dituena. "Eskuko 7 hatzak" prestigiotsuak, duela urte batzuk "7 hatzak" izena hartu zuenak, Passagersen zirku-oda bat egiten die bidaiei, birtuosismoaren eta hauskortasunaren, umorearen eta emozioaren arteko oreka justua lortuz.
Interesgarria izango da ere Eva Guerreroren lan berria ikustea. Euskal koreografoa, une honetan, MAX sarietarako izendatua dago Gorpuzturengatik, eta LOF Ladies on Fight prestatzen ari da dagoeneko, bere hurrengo proposamen artistikoa. Martxoaren 2an ikusi ahal izango dugu emakumezkoen borroka libreko formatuan egingo den dantza emanaldi tragikomikoa omen dena.
Sarrerak irailaren 30etik aurrera jarriko dira salgai
Sarrerak irailaren 30an, ostegunean, jarriko dira salgai, ohiko bideetan.