Bartzelonako taldea azken urratsak egiten ari da ‘Adelante Bonaparte’ album kontzeptuala (EP hirukoitza) aurkezteko biran, 'Room' ikusentzunezko ikuskizunarekin batera. Enric Montefusco eta bere lagunen ibilbidea hardcorean hasi eta indie kutsuko pop rock esperimental eta bereziraino luzatu da.
‘Adelante Bonaparte’ dugu, Standstill taldeak Hardcorearen hasierako abialekutik Pop Rockaren egungo geltokiraino egindako bidaia musikalaren orain arteko azken grabazioa. Ezezaguna da, hasiera-hasieratik topikoetatik urrun egindako bidaia horren azken helmuga. Bartzelonako taldeak post-hardcore mugimenduarekin bat egiten zuen hasierako garaietan, baina gaur egun, indie sustratua duen disko berezi eta esperimentala defendatzen du jendaurreko emanaldietan, alderdi musikalean nahiz lirikoan. Instrumentazioa xumeagoa da, elektrizitateak eta distortsioak pisua galdu baitute, eta esaldiak ezin argiagoak dira Musikaren Sarietan Rock Alternatiboko Album Onenarentzako saria jasotzeko hautagai izan zen kantu-bilduma honetan.
Etiketak bazterrean utziz, esperimentazioa etengabekoa izan da bost album (eta beste bi EP) plazaratu, ingelesetik gaztelaniara aldatu eta jendaurreko jardunetan proiekzioak erabiltzen dituen talde honen ibilbidean. ‘Rooom’ deritzo Bilbora datorren eszenografia minimalistako ikusentzunezko musika-emanaldi trinko honi.
Segur aski asko interesatuko zaizu...