Musikari, abeslari, konpositore eta moldatzailea, Hibai Etxebarria (Gernika, 1980) azken hilabeteotan jaso dugun proiekturik interesgarrienetako bat aurkezten ari da, ‘Trip Tics-II’ (Gaztelupeko Hotsak, 2017) poliedrikoa. Lan honetan, bere eragin anglosaxoiak jasotzen ditu ingelesez abestuz ‘In a dilemma’ bezalako abesti bikainak, orkestra-moldaketez apaindutako amerikar kutsuko konposizioak.
Horiekin batera, bere alderdirik barnerakoiena erakusten du Hibaik folklore euskaldunetik edaten dutene euskarazko kantuetan. Xabi Aburruzaga trikitilaria eta Izaro abeslari eta konpositorea izan ditu lagun horretarako, ‘Nire lagunak’ eta ‘Orratzak’ abestietan hurrenez hurren.
Proiektuaren hirugarren hanka jazzaren eta euskal kantutegiko izenburu ezagunen arteko uztarketa dugu. Su ta Gar edo Benito Lertxundi bezalako autore eta talde mitikoak berrinterpretatzen ditu Gernikako musikariak, jazzaren lengoaia baliatuz ‘Euskarazz’ izenburu orokorrarekin. Errepertorio horretan, Orioko kantautorearen konposizioarik ospetsuenetakoa den ‘Bizkaia Maite’-ren moldaketa nabarmendu behar dugu. Gernikan aurkeztu zuen abenduaren 28an, hirukote formatuan, Ander Garcia (kontrabaxua) eta Carlos Sagi (bateria) musikariekin batera; eta emanaldi horren bideoklipa aurkezten dizugu hemen.