2013-3-2
Galdera. Zure biografia izugarri zabala da eta askotariko aspektuak biltzen ditu. Horrek zaildu egiten du Ara Malikianen aurkezpena egitea. Zuk zeuk egingo duzu gure ordez?
Erantzuna. Niri ere ez zait batere erraza. Dakidan bakarra da egiten dudanaz maiteminduta nagoela, musikaz eta arteaz. Ia afizionatu bat bezala sentitzen naiz maitasun hori besterik ez dudalako ikusten. Batzuetan halako errutina ikusten dut profesionalengan, baina hainbat aldiz aldatzen dudanez erregistroa, guztia lehen aldiz deskubritzen ari den afizionatu bat bezala sentitzen naiz. Zaila da definitzen, nik ere ez baitakit zer egiten ari naizen. Oso instintiboa naiz eta, zerbait gustukoa badut, hori egiten dut, aurreiritzirik gabe eta gaizki irtenez gero zer gertatuko ote den pentsatu gabe.
G. Erregistro desberdinak jorratzea gustukoa duzula diozu. Izan ere, klasikotik tangora eta hortik Erdialdeko Europako doinuetara igarotzen zara naturaltasun handiz. Nondik dator zure musika?
E. Toki horietatik guztietatik dator eta baita gehiagotik ere. Izan ere, musika guztiei zor diedan errespetutik dator. Musika guztiak ditut gustukoak eta zerbait gustatzen zaidanean hori ere eduki nahi duen ume bat bezalakoa naiz. Musika zingaroa ezagutu nuenean, entzun ez ezik ikasi ere egin nuen, beti nire erara. Berdin flamenkoarekin, nire erara jo eta ikasten baitut. Eta horrek batzuetan funtzionatzen du eta batzuetan ez. Ikasteko grina eta jokabide jostagarri hori ez dut musikari klasiko askorengan ikusten, behin musika tresna menderatuta errepertorio bera bizitza osoan zehar jotzen jarraitzen dutenak. Niretzat ezinbestekoa da gauza berriak ikasteko ilusioa eta interesa aurkitzea.
P. Eta ze musika mota interesatzen zaizu une honetan?
E. Beti dago zerbait. Iaz Kepa Junkerarekin kolaborazio bat egin nuen. Berak euskal musika menderatzen du eta izugarri gozatu nuen. Bira bat elkarrekin egiteko asmoa daukagu. Ni mundu klasikotik nator eta niretzat inprobisatzea oso dibertigarria, berria eta berritzailea da. Inprobisazio estilo desberdinak ikasteko gogoa dut orain.
G. ‘Los Divinos’ gisako lanetan modu pertsonal eta berezian hurbildu zara musika klasikora. Beharrezkoa da genero hori beste era batean erakustea entzule berriak beregana ditzan?
G. ‘Beste era batean’ egin behar dela esaten da, baina niretzat ‘nire eran’ da soil-soilik. Artista bakoitzak bere eran egin behar ditu gauzak, horregatik gara artistak, sortzaileak eta indibidualistak. Zeinek ulertzen duen bezala jo behar dugu musika, eta ez esaten diguten bezala, zoritxarrez musika klasikoan oso hedatuta dagoen joera hain zuzen ere. Bach edo Mozart era jakin batean jo behar direla esatea harrokeria litzateke, musika izugarri oparoak izanik makina bat modu baitago interpretatzeko.
G. Umorea ezinbesteko osagaia da musika ulertzeko modu horren barruan?
R. Beharbada akats pertsonala izango da, baina izugarri maite dut bizitza ikuspuntu umoristikotik ikustea eta hori kontzertuetara ere eramaten dut. Musikaz maiteminduta nagoenez, umore onaz eta zoriontasunaz ere maiteminduta nago. Musika eta barrea elkartzerik badut, are zoriontsuagoa naiz.
G. Haurrei zuzendutako ikuskizun ugari ere sortu duzu. Nola aldatzen da jotzeko era ikusle berezi horien aurrean?
R. 15 urte baino gehiago daramatzat haurrentzat jotzen eta arau bihurtu zaizkidan bi gauza ikasi ditut: ezin dituzula ergeltzat jo haurrak, oso inteligenteak baitira; eta ez dela jotzeko modua aldatu behar haien aurrean, are gehiago, gehiago saiatzen naiz emanaldia haien gustukoa izateko. Helduok baino askozaz zintzoagoak direlako gertatzen da hori; zerbait gustukoa ez badute, aurpegira esaten dizute.
G. Oraindik proiekturen bat duzu bete gabe?
E. Asko, jakina! Gustatuko litzaidake Hegoamerikan bolada bat ematea, hango musika sakonean ezagutzeko. Eta baita Indian ere. Egin nahi ditudan gauza guztiak egiteko bizitza bat baino gehiago beharko nuke!