Asmoa da, etxean geratu behar dugun egoera zail honek irauten duen bitartean, Museoko pertsonek ahalik eta modu hurbil eta pertsonalean ematea haien lanekin lotutako xehetasunak: zein dute Bildumako artelanik kuttunena eta zergatik edo oraingo erakusketei buruzko pasadizoak eta gorabeherak. Are gehiago, edozein bisitarik egingo lituzkeen galderei erantzungo diete: nola etorri ziren eta nola kokatu zituzten Museo barruan Richard Serraren Denboraren materia osatzen duten eskultura eskergak? Nola antolatzen da erakusketa bat? Nola mantentzen da Frank Gehryk diseinatutako eraikina? Nola kontserbatzen dira artelanak? Zer egiten da erakusketa bat diseinatzeko? Nola bidaiatzen dira artelanak? Zeintzuk dira haurren artelanik gogokoenak?
Proiektua abiarazteko, “Gure erakusketak eta Bilduma” atalaren barruan jarri dira lehenengo bideoak Iberdrolak babesten duen Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketaren harira. Horietan erakusketaren komisario den Lucía Agirrek artistari eta gogokoen dituen artelanei buruzko xehetasunak emango dizkigu. Olafur Eliassonek gogoeta egitera bultzatzen gaitu bere artelanen bidez, zeinak material ezohikoak erabiltzen baitituzte; esaterako, goroldioa, ura, glaziar-izotza, lainoa, argia edo metal islatzaileak. Komisarioak aukeratutako artelanen artean daude Likenezko horma, Edertasuna, Izar-hautsaren partikula eta Glaziarren urtzearen seriea.
Hurrengo egunetan gainontzeko bideoak aktibatzen joango gara kategoria guztiak osatu arte:
- “Gure erakusketak eta Bilduma” atalean jarriko diren bideoei esker Museo barruan itxita geratu diren erakusketa ezberdinetako artelanak argitaratuko ditugu.
- “Museoa familiarentzat” atalean familiartean ezagutu ahal izango dira artelanak eta bideoak ikusi etxeko txikien sormena eta artelanekiko interesa pizteko. Familiei zuzendutako atal honek BBKren babesa du.
- “Gure muntaketen gorabeherak” atalean erakusketetan ikusten ez dena ikusi ahal izango da, protagonisten euren ahotik.
- “Eraikina beti prest” atalean Frank Gehryren eraikina bikain mantentzeko beharrezkoak diren guneak ezagutu ahal izango dira; makina-gelatik hasi eta ezinbestekoak diren beste txoko ezezagunetara.
- “Artea nola zaindu” atalean artelanak kontserbatzeari buruzko azalpenak ematen dira, horixe baita Museoaren egiteko nagusietakoa.
- “Erakusketarik gogoangarrienak” atalean Museoa inauguratu zenetik gurean izandako erakusketarik ezagunenetako batzuk berreskuratu ditugu.