Kulturaren deseskalatzeak ez du etenik, osasun-larrialdiak eragindako konfinamenduaren ondoren. Prozesu horren barruan, Bilboko Guggenheim Museoak ateak zabaldu ditu berriz, bisitarien osasuna babesteko neurri zorrotzak hartuta. Beraz, kulturaren nazioarteko erreferentzia nagusietako batez gozatzeko modua izango da ekainaren 1etik aurrera.
Etapa berri honetan, museoaren gehieneko edukiera 400 lagunekoa izango da, hau da, 20 metro koadro bisitari bakoitzeko. Sartu aurretik, tenperatura hartuko diete. Ondoren, bisitaldia hasteko moduan egongo dira, hirugarren solairutik hasita eta ibilbide itxia jarraituz, beste bisitariekin ez gurutzatzeko. Segurtasuna ez ezik, alderdi artistikoa ere kontuan hartu dute, artezaleek esperientzia atsegina izan dezaten.
Horrez gain, sarrerak aurrez eta Internet bidez erostea gomendatzen dute, bisitaldiaren ordutegia aukeratuz, eta gailu mugikorretan entzuteko doako gida ofiziala deskargatzea. Museoan ordainketak txartelarekin bakarrik egin ahal izango dira eta maskara derrigorrez eraman beharko da. Arropazaindegia egongo denez, ezin izango dira fardel handirik ezta euritakorik sartu.
Sustapen bereziak
Bestalde, bi sustapen berezi martxan jarri dituzte bisitariak erakartzeko. Lehenik eta behin, Museoaren Lagunek beste pertsona bat gonbidatu ahal izango dute ekainean zehar, 20.000tik gora bazkidek osatutako kidegoaren leialtasuna saritzeko. Horrez gain, Museoaren Lagunak ez direnei abantaila gehigarria emango diete: ekainean zehar sarrera bat erosita, hiru hilabeteko bazkidetza jasoko dute eta udan zehar nahi duten bestetan sartzeko modua izango dute. Informazio zehatza, Museoaren wegunean kontsulta daiteke.