Loraldia Festibalak 10 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil honetan, ohi bezala, euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa erakitsiko da.
Martxoaren 1ean hasita, eta 23ra arte, euskarazko kulturaren bilgune nagusienak 28 ekintza antolatu ditu, euskal kulturaren adar guztiak ukitzen dituztenak. Bilboko hainbat gune 120 artista baino gehiagoren ekitaldiez beteko dira martxoan zehar 13 espazio ezberdinetan.
Prentsaurreko honetan parte hartu dute: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; eta Imanol Agirre, Loraldiako programazio artistikoaren arduraduna.
10. Loraldia, mundua begiratzeko 10 modu diferente
Munduari begiratzeko modu bat, horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo edizioaren leloa. Lelo hau Kirmen Uribek idatzitako poema batean jasoa, aurtengo festibalaren programazioan parte hartzen duen Munduari begiratzeko ikuskizunak eskainiko duena, hain zuzen ere.
Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan zehar euskaraz sortzen den kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleioak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinea, dantza, ikus-entzunezkoak…
Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferenteak diren hainbat izen aurkituko dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria, … besteak beste. Horrela 120 sortzailetik gora.
Gainera, Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako espazioa ere bada, eta horregatik Loraldia Terminalean zenbait artista emergente aurkituko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta,…
Euskal kulturaren erakusleiho izateaz gain, Loraldia Festibala kulturaren eragile ere bada, eta horregatik aurten ere ekoizpen propioak diren edo Festibalerako espreski sortu diren piezak izango dira.
2024 Festibalerako sortu diren piezak
Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen du Festibalerako produkzio propioak ekoiztuz. Gainera, sortzaile askok Loraldiaren agertokia erabiltzen dute beraien azkenengo obrak plazaratzeko.
Kulturaren sustatzaile den bezala, 2022. urtetik Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. 2022ko bekaren irabazleen uzta aurtengo Loraldia Festibalean estreinatuko da: Gorputzaren atzean izeneko emanaldia, mundu digitala eta analogikoa bilduko dituena. Osagaiak, teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoak. UPV-EHUko irakasle talde bat da eragilea eta Katixa Agirrek idatzi du gidioia.
Obra 2050. urtean gertatzen da, eta etorkizun horretan pertsona guztiek biki digital bat izatea normaltzat jotzen da. Poluxek, protagonistak, bere biki digitalarekin (Xulop) konexioa galdu du. Xulopek datu asko galdu ditu, baina bere bizitzaren inguruko zenabit oroitzapen ditu oraindik… Martxoaren 3an, Azkuna Zentroa- Alhondiga Bilbaon.
Aurtengo festibaleko ediziorako espreski sortu diren egitasmoak ere izango dira. Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean, esaterako, da horietako bat. Natura eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, uztartzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu honetan, Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko da, beti ere Bilboko mendi eta basoen ikuspegiez gozatuz. Irati Agirreazkuenaga izango dugu gidati eta tartean, musikaz gozatzeko aukera izango dugu, Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik. Martxoaren 16an izango dugu ibilaldi kultural honetaz gozatzeko aukera.
Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria ere 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz. Loraldia festibalak sortutako formato honetako ikuskaria urtero antolatzen da, bertsolaritza, musika eta literatura uztartuz. Idazle bati eskatzen dio Loraldiak geroari begira jarri eta testu bat asmatzea; eta horren gainean musika sortuko da eta bertsolariak arituko dira. Martxoaren 17an Guggenheim Bilbao Museoko entzungelan Iban Zalduak sortutako testua irakurriko du, Ibil bedik musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean.
Musika
Aurtengo festibala hasiera hasieratik izango du musikaren presentzia. Sustraien Matxinada ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, eta literatura izango dute lagun. Tradizioa eta modernitatea elkartuko dira oholtzan, kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatzeko. Lantalde apartak eskainia: Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao. Martxoaren 5ean, Bidebarrieta Liburutegian.
Munduari Begiratzeko proiektuaren hazia duela 20 urte jaio zen New Yorken. Kirmen Uribek, MIkel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek euskal kultura eta euskara beste kontinente batera eraman zuten, eta euskal poesia, kantagintza, zinema, rock alternatiboa eta ilustrazioa mundura zabaldu zituzten. Bi hamarkada geroago proiektu hori berreskuratu dute, mugarri bat izan zena, mugarri berriro izatera martxoaren 13an Arriaga Antzokian. Sortzaileek ospakizun bat moduan bizi nahi dute emanaldi hau eskaintzeko aukera.
Ekitaldia baino lehen Ixiar Orejak gako interpretatiboak eskainiko ditu, Loraldiak antolatu duen ikusletegian.
Egungo euskal musika taldeek ere bere tokia izango dute Loraldia Festibalean. Martxoaren 14an Arriaga Antzokian, Loraldiako oholtzan Neomak taldearen sorginkeriaz betetako doinu hauskorrak entzungo ditugu. Gainera, kontzertua baino lehen, taldea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu Agurtzane Intxaurragak eskainiko duen ikusletegian.
Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen berria da eta Loraldia Festibalean estreinatuko du. Musika eta antzerkiaren nahasketaren emaitza da. Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioak izango dira eszenatokian, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatiak gaur egungo begiradatik ikusteko aukera izango dugu. Harekin batera eszenatokian izango dira Adrián Garcia de los Ojos eta Maider Lopez. Estreinaldi mundiala martxoaren 15ean izango da, Itsasmuseumen.
Hurrengo egunean, martxoaren 16an eta Itsasmuseumen baita ere, Jean Mixel Bedaxagar musikariak bere seigarren lana aurkeztuko digu, Erresiñula kantari. Udazkenean argitaratutako lan berri hau ezagutzeko aukera paregabea. Bedaxagarrek 30 urte daramatza bere artea fintzen: dantza, txirula eta kanta.
Jon Maiaren azkenengo lana, Kantu berri bat gara, 2021. urtean ateratako Kantu bat gara lanaren jarraipena da. Kasu honetan, berriak diren abestiak izango dira ekitaldi honen protagonista, nahiz eta beste zenbait abestiren bertsioak ere egongo diren. Gonbidatu bereziak ekarriko ditu Maiak. Kontzertu honetaz gozatzeko aukera izango dugu martxoaren 23an Euskalduna Bilbao.
Literatura, berbaldiak eta gogoetak
Gogoeta egiteko eta pentsarazteko tartea izango da ere izango da Loraldia Festibalean. Euskara Bihar berbaldi-saioak hirutan izango ditugu festibalean, euskararen etorkizunaren inguruko hiru gogoeta diferente. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzaren etorkizuna, hizkuntzak dauzkan eta izango dituen erronkez, Iparralderen eta Arabaren egoeraz… hausnartu egingo dute hiru saiotan.
Etorkizunera adi egotea garrantzitsua da, baina nondik gatozen argi izateak bere inportantzia du. Askotan, istorioak, ipuinak, kontakizunak… literatura ahoz aho transmititu den zerbait izan da. Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk belarritik sartzen diren ipuin horiek liburu batean batu dituzte: Belarriko kilkerra. Liburu honen aurkezpena Loraldia Festibalaren barruan egingo da, martxoaren 7an Elkar dendan.
Aurtengo esperientzia digitala Hiria Lokatzetan podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Podcastek izugarrizko gorakada izan dute azken urteotan, eta kultura garaikidearen parte bihurtu dira. Martxoaren 10ean Lokatza podcastaren egileek hiriaz, naturaz, kontrolaz, turistez eta hamaika gai gehigoren inguruan hausnartuko dute.
Goiz horretan Guggenheim Bilbao Museoaren entzungelako eszenatokian arituko dira Ainara Lasa. Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel. Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musika uztartuz.
Dantza, zinema, teatroa
Dada ü Lala eta Arma Tiro Pum aurtengo festibalean estreinatuko diren bi teatro pieza txiki dira. Alde batetik Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen umore absurdoa bueltan izango dugu oholtzetan, “dadaismoa” jorratzen duten bitartean. Eta, bestetik, Aitor Vinagret izango dugu foku azpian. Hitz gutxiko obra honetan haur bat patinetearekin jolasten dabil, munduko tokiren batean, eta ondoren…. Martxoaren 10ean La Fundiciónen.
Artxibo Biluzia ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia lotzen dituen obra da. Bi aktore izango dira oholtzan, Joan Mari Torrealdairen kasuaren ikerketa abiatzen. Obra hasi baino lehen ikusletegia izango dugu, kasu honetan Lorea Agirreren eskutik. Martxoaren 12an, Arriaga Antzokian.
Iparraldeko dantza talderik nabarmenenetariko baten esfortzuaren fruitua da Bilaka kolektiboaren Mitologia Txikiak ikuskizuna. Euskal mitologia oinarri hartuta, zenbait dantza pieza sortu dituzte gure irudimen kolektiboa osatzen duten ipuin eta kondaira desberdinak irudikatuz. Martxoaren 19an, Azkuna Zentroa-Alondiga Bilbaon.
AMAraunek amatasunaren gaian zehar bidai bat egitera gonbidatzen gaitu. Oihana Iguaranen proposamena, Amaiur Luluaga bidelagun izango duela. Bidai honetan dantza, gorputzak, ahotsak eta bertsoak protagonista izango dira, eta, nola ez, baita amatasuna ere. “(Ama) izan ala ez izan” izango da ekitaldi honen abiapuntua, eta hortik hasita amatasunaren ereduez (ezagutzen ditugunak eta ezagutu nahi ditugunak), erabakia hartzerako momentuan eragiten duten faktore desberdinez, zalantzez… hitz egingo da martxoaren 20an.
Zinemak ere bere presentzia izango du aurtengo festibalean, Bizkarsoro luzemetraiari esker. Josu Martinezek zuzendutako fikzio hau exisistitzen ez den herri batean ematen da, Bizkarsoron. Guztira 5 istorio kontatzen dira ikusentzunezko pieza honetan, Euskal Herriko edozein herri izan daitekeen herri imajinarioan. Proiekzioa martxoaren 17an izango da, UPV-EHUko Bizkaia Aretoan.
Harrobi dantza konpainiaren Geure(R)a ikuskizunarekin agurtuko dugu Loraldia Festibalaren 10. edizioa. Benetan berezia den pieza kulturala da. Zenbait disziplinaren uztarketaz gain (musika, poesia, ikusentzunezkoak eta dantza), disziplina horien forma benetan berezia eta bakarra da. Dantza bertikala eta bideo-mappingaren arteko elkarrizketa izango da protagonista, eta hari narratiboak emakumeen inguruko memoria zalantzan jarriko du: Nortzuk dira gaur egun sorginak? Eta nortzuk dira zapaltzen dituztenak? Martxoaren 23an, Kantu berri bat gara emanaldiaren ondoren, Euskalduna Bilbaoko eraikinaren horman izango dugu hitzordua.
Loraldia Terminala, sormen berriaren harrobia
Urtero bezala, Loraldia Festibalak talentu berriarentzako espazio bat erreserbatzen du: Loraldia Terminala. 10. edizio honetan hiru ekintza egongo dira Loraldiako sormen berriaren harrobian: Itzal(iko) bagina; Doodem, Trigger; eta Sarri min ematen du akordatzeak. Ekintza guzti hauek martxoaren 22ko arratsalde-iluntzean zehar izango dira Zorrotzaurre irlako La Terminalen.
Itzal(iko) bagina ekimena bertsolaritzan oinarritzen den teatroa da. Oholtzan hiru pertsonai aurkituko ditu ikusleak: lehia, lotsa eta gorputza. Bertsotan komunikatzen dira, eta botere posizioaz, familiaz, osasun mentalaz… jardungo dute.
Atlantiko Beltzean zehar bidaiatzea. Horixe da Doodem. Trigger musika emanaldiaren helburua. Horretarako biolontxeloa eta saxua izango dira musika tresnak, eta 7 kanturen bitartez 7 herri diferentetaik pasatuko dira ikusleak.
Aurtengo Loraldia Terminaleko azkenengo ekintza Ibarrekolandako Batxilergo artistikoko ikasleekin egindako elkarlanaren fruitua da. Sarri min ematen du akordatzeak ekitaldian, gazte hauek Joseba Sarrionandiaren mundu literarioan sartu dira burubelarri. Ondoren, hainbat arte diferente uztartuz (dantza, teatroa, poesia, musika) ikuskizun paregabea sortu dute.
Lorazainak eta Lorazain Eguna
Loraldiarekin eta euskal kulturarekin harreman hurbilago eta zuzenago bat nahi duten pertsonek Lorazain egiteko aukera daukate. Guztiz doakoa den ekintza honekin hainbat abantaila lortzen dira: urtean zehar egiten diren zenbait ekimenetan parte hartzeko aukera, egingo diren ekintzei buruzko informazio esklusiboa eta aurretiazkoa, sarrerak lehentasunez eta prezio berezian hartzeko aukera, Lorazainentzako bakarrik diren ekintzetan parte hartzea…
Loraldia Festibalean, kasu, gure Lorazainentzako bereziki prestatzen dugun ekintza horietako bat aurkezten dugu urtero-urtero: Lorazain Eguna. Aurten Oma ikuskizunaren estreinaldia eskainiko dugu, Basabi taldearen azkenengo musika lana. Pieza honetarako txalapartarekin, musika elektronikoarekin eta musika klasikoarekin jolastu dute, naturari eta egungo egoerari buruz gogoeta egitera gonbidatzeko. Aurten, Lorazain Eguna martxoaren 9an ospatuko dugu Campos Antzokian.
Gainera, aurten abantaila berezi bat gehitu dugu jadanik Lorazainek dituzten onuren katalogoari: 2024ko Loradia Festibaleko ekitaldi pakete berezi bat erosteko aukera dute prezio murriztuan.
Babesleak eta bidelagunak
Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira.
Hamargarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Berriak babestutako ekintza, Elkar, ZAWP, UPV/EHUko Bizkaia kultura eta Mikel Laboa Katedra, SGAE Fundazioa eta KOT.
ENTRADAS GRATIS
Entradas gratis para tus conciertos favoritos.
Únete gratis sólo con tu email al Club Kmon.