Nala Sinephro (harpa), Dwayne Kilvington (Synth Bass), Natcyet Wakili (bateria), Chelsea Carmichael (saxoa)
Nala Sinephrok Belgikan igaro zuen haurtzaroa, naturaz inguratuta. Piano klasikoko irakaslea zuen ama, eta Jazz saxofonista aita. Denboraldi labur batez Berklee College of Music-en egon ondoren eta soinu-ingeniari gisa lan egin eta gero, Londresko iparraldean ezartzea erabaki zuen. Han hasi zuen bere ibilbide arrakastatsua musikagile eta harpista gisa, Londresko Jazz eszenako musikari ugarirekin kolaboratzeaz gainera, tartean hauekin: Nubya García, Shabaka Hutchings, James Mollison, Jake Long, Twm Dylan, Wonky Logic, Sheila Maurice-Grey, Morgan Simpson, James Mollison, Lyle Barton, Natcyet Wakili...
Nala Sinephrok bi disko kaleratu ditu. Lehena Space 1.8 (2021) izan zen, eta oso harrera ona izan zuen publikoaren eta kritikaren aldetik. Bigarrena Endlessness (2024) izan da. Bi lan horiekin bakarrik, Sinephro, interprete, konpositore eta ekoizlea, figura gailentzat dute askok Jazzaren eta musika elektronikoaren egungo bilakaeran. Bere musika hipnotikoa, lasaia eta inguratzailea da, testura eta giroekin jolasten du, elkarlotuz doazen geruzez josita dago, eta gogoeta egitera eramaten gaituzten soinu-paisaiez eta giro etereoez osatutako espazio infinituan murgiltzen gaitu. Hala, ambient Jazz elektroniko esperimentaltzat har daiteke bere estiloa.
Sinephrok batik bat harpa, sintetizadorea, teklatuak eta pianoa jotzen ditu. Bere lanak musika modernoaren mugak esploratzen ditu, ezarritakoari desafio egiteko. Edertasun handiko piezak dira bereak, askotan nostalgikoak eta ia beti minimalistak. Zalantzarik gabe, musika garaikidearen sortzaile liluragarrienetako bat.