Marc Ribot (gitarra, ahotsa)
Marc Ribot, 1954an New Jerseyn jaioa, azken hamarkadetako asmamen eta sormen handieneko gitarristen artean dago, konpositorea eta abeslaria izateaz gainera. Bere musika esperimentazioaren eta inprobisazioaren munduari lotuta dago beti, eta erabateko askatasunetik abiatzen da, eta zaletasun berezia erakusten du rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekiko.
Ribotek gitarra klasikoa ikasi zuen, baita soula ere, Rufus Thomas eta Solomon Burke musikariekin batera jotzen. Bere garaian, John Lurierekin eta Lounge Lizars taldearekin finkatu zituen bere estiloaren oinarriak. 40 urtetik gorako bere ibilbide luzean artista gailenekin kolaboratu du, tartean, Tom Waits, Laurie Anderson, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Alan Toussaint, Caetano Veloso, Jamaaladeen Takya, Sun Ra, Norah Jones, Elvis Costello, Iggy Pop, T-Bone Burnett, David Sylvian, Arto Lindsay, David Hidalgo, Vinicius Cantuaria, Marisa Monte, Andrés Calamaro... New Yorkeko eszenan ohikoa, bere lagun John Zornekin batera aritzen da, eta kide izan da, besteak beste, The Jazz Passengers, Los Cubanos Postizos eta The Lounge Lizards taldeetan.
Musikari berezia eta sailkaezina da Ribot, teknika harrigarriaren eta, antza, azkenik ez duen sormenaren jabe, eta bere kontzertu zoragarriekin ?beti ustekabean harrapatzen gaituztenekin? harritzeko, probokatzeko, gugan gogoeta eragin eta dibertsioa pizteko gai da. Hala, bere ibilbide osoa aitortzeko eta gure Jaialdira etorri den bakoitzean eskaini dizkigun kontzertu handiak eskertzeko, Donostiako Jazzaldia Saria emango diogu Marc Riboti.