2025eko KOBA Live jaialdia irailaren 20an ospatuko da. Abadiñon antolatzen den jaialdiak euskal taldeen presentzia izango du, euskal metalean erreferentzia den eta Durangaldeko hard-rock eszenako talde banarekin. Asgarth eta Moonshinerds talde gipuzkoarrak eta durangarrak, hurrenez hurren, KOBA Liveko oholtza zapalduko dute irailaren 20an.
Taldeen artean ASGARTH egongo da, 1997an Añorgan sortu zen taldea. Boskotearen hastapenetan entzuleen saria eskuratu zuen Gaztea Sarietan, ‘Jainkoen Egoitza’ (1999) lanari esker. Hiru disko gehiago egin zituzten, eta 2007an taldeak behin-behinean utzi zituen oholtzak. 2020an, baina, instrumentuak berrartu zituzten, eta 2022an bosgarren diskoa kaleratu zuten, ‘Zeldatik’ izenekoa. Lehen diskoaren 25. urteurrenarekin batera, zuzeneko diskoa kaleratu uen azaroan taldeak.
MOONSHINERDS ere egongo da. Orain dela 16 urte sortu zen, 2009an hain zuzen, nahiz eta garai hartan izeneko d letra ez zeraman (Moonshiners deituak aurretik). 10 urte igaro ziren Durangon errotutako taldeak lehen lan propioa kaleratu zuenera arte, taldearen izenkidea. Urte berria kide berri bati, Antonio Cantero bateria-jotzaileari, ongi etorria emanez hasi dute, eta “KOBA Liveko oholtza zapaltzeko irrikaz” daudela adierazi dute.
Segur aski asko interesatuko zaizu...