Posible da familia guztiari zuzendutako antzertia sortzea, entretenitu ez ezik gai sakonei buruz gogoeta piztuz aldi berean? Marie de Jongh euskal konpainiak baietz erakutsi du orain arteko lan guztietan, amatasuna eta haurrek pairatzen dituzten tratu txarrak bezalako gaiak jorratuz. Lan honetan, berriz, hirukote xelebrea aurkezten du: Xebas eta Coco pailazoak eta hauek erositako Kibubu gorila. Zirku-ikuskizunaz gain, haien bizitza ere aldatuko du animaliak.
Hain zuzen ere, Kibuburen karakterizazioa izan da antzezlan honetako erronka tekniko nagusia. Zinemarako efektu berezietan espezializatutako Quimera Fx enpresa bilbotarra arduratu da horretaz. Eta lortutako errealismo maila ikaragarria izan da.
Clownen eta animaliaren arteko topaketak ezusteko gertakizunak eragingo ditu. "Askatasunari eginiko kantua da, kaiola batean bizi den istorioaren bidez kontatua", azaldu du lanaren egileak, Jokin Oregi dramaturgoak.
Betiko legez, irribarrea beste zerbait kontatzeko bidea izango da.